Reala
Kalte-ordaina
Mediaprok Realari beste 7 milioi euro ordaindu beharko dizkio
Erredakzioa
Mediaprok kontratua behin eta berriro urratu duela erabaki du epaileak. Gainera, urraketa larriak izan direla uste du, 7 milioiko kalte-ordaina ezarriz.
-
Argazkia: EITB
2010-11 eta 2011-12 denboraldietako zorrak eta interesak ordaindu beharko dizkio Realari Mediaprok, Donostiako epaitegiek erabaki dutenez. Horrela, enpresak 4.614.660 euro eta interesak ordaindu beharko dizkio talde txuri-urdinari.
Mediaprok eta Realak 2006an sinatu zuten kontratua konpainiak ez duela behar bezala bete uste zuen talde txuri-urdinak. Horregatik, salatu egin zuen epaitegietan. Orain epaitegiek arrazoia eman diote Realari, talde txuri-urdinak webgunean jakitera eman duenez.
Lehenago, 2012ko ekainaren 26an, Realak 8.537.300 euro jaso zituen, Mediaprok epaitegietan dirua jarri ostean.
Gainera, Mediaprok kontratua behin eta berriro urratu duela erabaki du epaileak. Urraketa horiek larriak izan direla uste du, 7 milioiko kalte-ordaina ezarriz. Kalte-ordaina epaitegietan aurkezteko 60 eguneko epea du konpainiak.