Reala
Ofiziala
Robin Le Normandek Atletico Madrilen jokatuko du
EITB MEDIA
Realeko atzelariak Atleticon jokatuko du hastear den denboralditik aurrera, bi taldeek adostutako akordioaren arabera.
-
Robin Le Normanden artxiboko irudia
Realak Atletico Madrili saldu dio Robin Le Normand jokalaria, Donostiako klubak larunbat honetan iragarritakoaren arabera. Frantziar jatorriko jokalariak Simeoneren aginduetara jokatuko du hastear den denboralditik aurrera.
Atleticok ohar batean azaldu duenez, jokalariaren eta klubaren arteko akordioa "datozen egunetan" gauzatuko dute, "jokalariak Espainiako selekzioarekin Eurokopa irabazi ostean hartutako oporrak bukatutakoan".
Madrilgo klubak Le Normand fitxatzeko zuen interesa agerikoa izan da azken asteetan. 2024ko Eurokopako partida gehienak hasieratik jokatu ditu. Frantziaren aurkako finalerdietako neurketa ezin izan zuen jokatu, bi txartel hori pilatuta zituelako, eta Albaniaren aurkakoan, multzoen fasean, ordezkoen aulkian egon zen, Espainiak multzoko lehen tokia ziurtatuta zuenean. Atzelaria 'Cholo' Simeoneren 13. proiektuaren parte izango da aurrerantzean.
2016an iritsi zen Realera
Le Normand (27 urte) 2016ko uztailean iritsi zen Zubietara. Sansen bi denboraldi eman ondoren, lehen taldera igo zen. Txuri-urdinekin 221 partida ofizial jokatu ditu, eta 2020ko Errege Kopa irabazi zuen.
KOMUNIKATU OFIZIALA | Akordioa @Atleti -rekin @LN_Robin -ek bertan jokatzeko. Eskerrik asko, Robin.#WeareReal pic.twitter.com/LANyTigFJ4
— Real Sociedad Fútbol (@RealSociedadEUS) July 27, 2024