Reala
LaLiga EA SPORTS
Realak Europa Liga jokatuko du, Betis 0 eta 2 gaindituta
EITB MEDIA
Brais Mendezek egin du lehen gola partida hasi eta gutxira, eta Mikel Merinok bigarrena, atsedenaldiaren atarian. Realak seigarren postuan amaituko du liga.
-
Realeko jokalariak, Europa Ligarako sailkapena ospatzen. Argazkia: Efe.
Reala 0-2 gailendu zaio Betisi Benito Villamarin estadioan jokatutako LaLiga EA Sportseko 37. Jardunaldiko partidan. Emaitza horri esker, gipuzkoarrek beramtuta dute datorren denboraldian Europa Liga jokatzea.
Imanolek azken orduko aldaketa bat egin behar izan du hasierako hamaikakoan, neurketaren atariko beroketa saioan Le Normandek min hartu duelako. Bere ordez, Pacheco atera du oriotarrak.
Partidak hasiera bikaina izan du gipuzkoarrentzat, Brais Mendezek gola egin baitu 5. minutuan falta jaurtiketa baten bidez. Gol ederra egin du Realeko jokalariak. (0-1).
Golaren ostean Betisek partidaren kontrola hartu du eta erasoari ekin dio, berdinketaren golaren bila. Ayozek, Fornalsek eta Willian Josek aukera argiak izan dituzte, baina Remiro oso seguru aritu da eta markagailuak bere horretan jarraitu du.
40. minutuan, andaluziarren aukerarik onena iritsi da, Chadi Riadek areaz kanpotik egindako jaurtiketa batean, baina baloiak langan jo du.
Bi minutu geroago, Realak 0 eta 2koa egin du. Fornalsen hutsa Oyarzabalek aprobetxatu du baloia Mikel Merinori emateko eta honek baloia Sevillako taldearen atean sartu du. Bi aukera eta bi gol, Imanolen taldearentzat.
Atsedenaldiaren ostean, andaluziarrek baloiaren jabetza izaten jarraitu dute eta Reala bere zelaian sartu dute, baina gol aukera argiak sortzea asko kosta zaio Pellegriniren taldeari.
64. minutuan, epaileak penaltia adierazi du Betisen alde, Tarorek rea barruan baloia eskuarekin ukituta. Abdek jaurti du eta Remirok bikain asmatu du jokalariaren asmoa, eta baloia desbideratzea lortu du.
Betisen gola, baliorik gabe
Bost minutu geroago, Ayozek gola egin du Realaren hutsa aprobetxatuta, baina epaileak baliorik gabe utzi du, VARetik esandakoari jarraituta, Betiseko jokalariak baloia eskuarekin eraman duelako.
Azken minutuetan joko nahasia izan da, baina aukera argirik gabekoa. Garaipena donostiarrek eraman dute, eta horri esker, Europa Liga jokatzea ziurtatu dute, seigarren amaituko baitute LaLigako sailkapenean.
Fitxa teknikoa:
0 - Betis: Rui Silva; Sabaly (Bellerin, 60. min), Sokratis, Chadi Riad, Miranda; Jhonny Cardoso, William Carvalho (Altimira, 46. min); Fekir, Fornals (Rodri, 46. min), Ayoze; eta Willian José (Az Abde, 60. min).
2 - Reala: Remiro; Traore (Aramburu, 76. min), Aritz, Pacheco, Tierney (Jon Martin, 67. min); Brais Mendez (Barrenetxea, 76. min), Turrientes (Olasagasti, 67. min), Merino, Javi Galan; Becker (Zakharyan, 81. min) eta Oyarzabal.
Golak: 0-1, 5. min: Brais Mendez. 0-2, 42. min: Merino.
Epailea: Juan Martínez Munuera (Valentziako batzordekoa). Txartel horia atera die Realeko Turrientes (52. min), Traore (74. min), Becker (78. min) eta Aramburu (91. min) jokalariei, eta Betiseko Sabaly (58. min), Miranda (83. min) eta Fekir (91. min) jokalariei.