Itxi

Reala

EA Sports Liga

Realak mendean hartu du Las Palmas, Beckerrek partida bikaina jokatuta (2-0)

EITB MEDIA

Realaren bi golak lehen zatian iritsi dira. Lehendabizikoa, Alex Suarezek egin du bere atean; eta bigarrena, Beckerrek sartu du, sekulako jaurtiketa eginda.

  • Sheraldo Becker, Las Palmasi egindako gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Sheraldo Becker, Las Palmasi egindako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Realak 2-0 irabazi dio Las Palmasi arratsalde honetan Reale Arenan jokatutako partidan, eta Ligako seigarren postuan jarraituko du, 54 punturekin. Partidako jokalari onena Sheraldo Becker izan da. Hark sartu du bigarren gola, area barrutik jaurtiketa ikusgarria eginda.  

Reala ondo hasi da, partidan agindu nahian, eta minutuek aurrera ahala, arriskua sortu du Alvaro Vallesen ate inguruan.  22. minutuan, Mikel Merinoren burukadak langa jo du. Errematea ikusgarria izan da, baina Ortiz Arias epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpo egon delako.

Baloiaren jabetza Imanol Alguacilen taldeak izan badu ere, Las Palmasek ere izan du aukeraren bat edo beste, eta argiena 16. minutuan Perronek area kanpotik egindako jaurtiketa izan da. Alabaina, Remiro adi egon da eta geldiketa bikaina egin du.

Realaren lehen gola 32 minutuan iritsi da. Beckerrek baloia area txikian jarri du, Oyarzabalek ezin izan du errematatu, baina atezainaren aldaratzeak Alex Suarez jo du eta honek, nahi gabe, baloia bere atean sartu du.

Bigarren gola atsedenaldira joan baino lehen sartu dute txuri-urdinek. Brais Mendezen pasea baliatuta, Beckerrek sekulako jaurtiketa egin du area barrutik, ia angelurik gabe, eta baloia txokotik sartu du, ateari aramu-sareak kenduta.

Aldagelatik bueltan, Realak jarrera berari eutsi dio, eta erasora joan da. Hala, bigarren zatia hasi eta berehala, Beckerrek hirugarrena egiteko aukera izan du, baina Las Palmaseko defentsak baloia alderatu du.

50. minutuan, Pachecok buruz sartu du gola, baina epaileak baliorik gabe utzi du, jokoz kanpo egon delako.  Ondorengo minutuetan, Reala nagusi izan da, eta Oyarzabalek, Brais Mendezek edo bigarren zatian zelairatu den Barrenek aukera bana izan dute gola egiteko, baina ez dute asmatu.

Norgehiagokaren azken txanpan, Las Palmaseko jokalariak ahalegindu dira Remiroren atea inguruan arriskua sortzen eta partidan sartzeko gola egiten, baina ezinezkoa izan zaie. Realak ondo baliatu du abantaila eta merezitako garaipena lortu du Reale Arenan.