Itxi

Reala

EA Sports Liga

Brais Mendez entrenamenduetara bueltatu da, Zubietan

EITB MEDIA

Realeko erdilaria asteazkenean hasi da berriro entrenatzen, taldekideekin. Duela 28 egun, ebakuntza egin zioten eskuineko oinean, bosgarren metatartsianoan haustura izan zuelako.

  • Brais, Celta-Reala Kopako partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

    Brais, Celta-Reala Kopako partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE.

Brais Mendez Realeko erdilaria entrenamenduetara bueltatu da, asteazkenean, Zubietan, taldekideekin batera aritzeko; izan ere, duela 28 egun, ebakuntza egin zioten eskuineko oinean, bosgarren metatartsianoan haustura izan zuelako, baina atzean utzi du, dagoeneko, lesio hori.

Imanol Realeko entrenatzaileak ostiralean ohartarazi zuen: "Ondo bidean, Brais datorren astean egon liteke taldearekin, entrenatzen". Hala jazo da, eta erdilaria, zalantzarik gabe, Zubietan asteazkenean izandako berririk onena izan da. Braisek asko eman liezaioke Realari EA Sports Ligako amaieran, talde txuri-urdinak partida garrantzitsu eta zailak baititu.

Reala Europako txapelketaren baterako sailkatzeko lehian da, bosgarren urtez jarraian lortu nahi du hori, eta aurkari hauek izango ditu denboraldia bukatu aurretik: Real Madril, Las Palmas, Valentzia eta Atletico Madril, Reale Arenan, eta, etxetik kanpo, Bartzelona eta Betis.