Itxi

Reala

EA SPORTS LIGA

Realak garaipena lortu du Reale Arenan, Cadizen kontra (2-0)

EITB Media

Talde txuri-urdinak azaroaren 26an lortu zuen azken garaipena etxean. Merinok eta Zakharyanek sartu dituzte Realaren bi golak, eta Brais Mendezek partida bikaina jokatu du.

  • Mikel Merinok sartu du Realaren gola. Argazkia: EFE

    Mikel Merinok sartu du Realaren gola. Argazkia: EFE

2023ko azaroaren 26tik, Reala ez da gai izan Reale Arenan partida bat irabazteko, baina, ostiral honetan, bolada txar horri amaiera eman dio, Cadiz 2-0 menderatuta, eta datorren denboraldian Europan egoteko lehian jarraitzen du. Mikel Merinok eta Arsen Zakharyanek sartu dituzte bi golak, eta Brais Mendez nabarmendu da, norgehiagoka bikaina jokatuta.

  

Imanolen taldea hasieratik joan da garaipenaren bila, partidan nagusi izan da, eta arrisku handiko jokaldiak egin ditu Cadizen ate inguruan. Oyarzabalek eta Beckerrek aukera garbiak izan dituzte, baina geldo ibili dira, eta ez dute asmatu.

26. minutuan iritsi da talde andaluziarra lehen aldiz Remiroren ate ingurura. Juanmi area barruan sartu da, eta baloia Kouameri eman dio, baina horrek gaizki jaurti du. Aldaratzea Maxi Gomezi heldu zaio, baina horrek ere ez du asmatu, eta, azkenean, Robert Navarrok kanpora bota du baloia.

Hurrengo minutuan iritsi da Realaren gola. Take Kubok oso azkar atera du kornerra, eta ezustean harrapatu du Cadiz taldeko defentsa. Oyarzabalek orpoz egin dio pasea Mikel Merinori, eta horrek sarera bidali du baloia.

Hortik aurrera, Pellegrinoren taldeak urrats bat eman du eta aurrera egiten saiatu da, arrisku handirik sortu ez badu ere, eta horrela amaitu da lehen zatia.

Atsedenaldiaren ostean, Realak partida kontrolpean izaten jarraitu du. Cadiz saiatu da, baina ez du aparteko arriskurik sortu, eta Imanolen mutilek 68. minutuan lortu dute lasaitasuna eman dien gola. Brais Mendezek egin du jokaldia, eta Zakharyanek bidali du baloia sarera, Oyarzabalek, beste behin, pasea orpoz eman ostean.

Orduan eman du amore Cadizek, eta hortxe amaitu da norgehiagoka. Realak konfiantza bereganatzeko garaipen garrantzitsua lortu du, eta andaluziarrek sailkapeneko zuloan segitzen dute.  

FITXA TEKNIKOA

2 - Reala: Remiro; Traore, Zubeldia, Le Normand, Galan (Tierney, 46. min); Zubimendi (Turrientes, 75. min), Merino, Brais; Kubo (Zakharyan, 66. min), Oyarzabal (Silva, 74. min) eta Becker (Magunazelaia, 84 min.).

0 - Cadiz: Ledesma; Carcelen, Ousou, Chust, Hernandez (Pires, 82. min); Sobrino (Ocampo, 86. min), Alcaraz, Kouame, Navarro (Machis, 82. min); Juanmi (Guardiola, 86. min) eta Gomez (Ramos, 34. min).

Golak: 1-0, 28. min: Merino; 2-0, 68. min: Zakharyan.

Epailea: Cesar Soto Grado. Txartel horia atera die Galani (45. min), Zubimendiri (47. min), Le Normandi (71. min) eta Ramosi (71. min).

Gertakariak: EA Sports Ligako 29. jardunaldia. 31.000 ikusle izan dira Reale Arenan.