Itxi

Reala

2-1, Anoetan

Agirretxek denboraldiko aurreneko garaipena eman dio Realari

Erredakzioa

Philippe Montanierren mutilek Celtak lortutako 0-1ekoa iraultzea lortu dute Imanol Agirretxek eskuratutako bi golei esker. Realak denboraldiko aurreneko hiru puntuak lortu ditu.

  • Reala-Celta (2-1). Argazkia: EFE

    Reala-Celta (2-1). Argazkia: EFE

Txuri-urdinek denboraldiko aurreneko garaipena eskuratu dute Celta 2-1 gaindituta. De Lucasek Galiziako taldea markagailuan goitik jarri du atsedenaldiaren ostean, baina Imanol Agirretxek, bi gol lortuta, markagailua iraultzea lortu du.

Reala nagusi izan da partidako aurreneko minutuetan, eta Paco Herreraren taldeak defentsan sendo aritu behar izan du. Neurketako lehenengo abagune argia 16 minutuan izan dute Montanierren mutilek korner erdiraketa batean, baina baloia zutoinera joan da, eta ondoren Ansotegiren errematea langa gainetik kanpora joan da. Pixkanaka Celtak baloiaren jabetza hartu du, baina Galiziako taldeak ezin izan ditu aukera argiak sortu.

Lehenengo zatiko 33. minutuan Antoine Griezmannen errematea berriro zutoinera joan da, eta Imanol Agirretxek ezin izan du aldaratzea aprobetxatu Celtako defentsa bat ederki gurutzatu baita. Realari soilik gola falta izan zaioa aurreneko zatian, berdegunean nagusi izan baita talde txuri-urdina.

Bigarren zatian bi taldeek lehenengo minututik erasora jokatu dute, eta De Lucasek 0-1ekoa jarri du (48. minutua). Augustok 2-0ekoa jartzeko abagune ederra izan du, baina Celtako jokalariaren jaurtiketa kanpora joan da. Jarraian, Imanol Agirretxek berdinketaren gola eskuratu du Griezmannen pase eder bat ederki aprobetxatuta. 1-1ekoarekin Montanierren taldeak neurketaren kontrola beregantu du, eta Paco Herreraren mutilek defentsan eusteko asko sufritu dute.

Norgehiagokako 60. minutuan Imanol Agirretxek 2-1ekoa lortu du. Usurbilgo aurrelariak ederki gainditu du Javi Varas, eta Realak markagailua irauli egin du. Ondoren, Iago Aspasek Celtaren bigarren gola lortzeko abagunea izan du, baina bere saiakera gutxigatik kanpora joan da. Partidako azkeneko aukera argia Griezmannek izan du, 76. minutuan, baina Varasek gelditu ikusgarria egin du. Azkenean, hiru puntuak Anoetako taldeak eskuratu ditu.

- Fitxa teknikoa:

2.- Reala: Bravo; Estrada, Ansotegi, Mikel, De la Bella; Illarramendi (Ruben Pardo, 58. minutuan), Bergara, Griezmann; Xabi Prieto, Vela (Chory Castro 65. minutuan) eta Agirretxe (Elustondo, 82. minutuan).

1.- Celta: Javi Varas; Hugo Mallo, Cabral, Tuñez, Lago (Bellvis, 67. minutuan); Augusto, Oubiña (Villa 82. minutuan), Alex Lopez, Krohn-Dehli; Iago Aspas eta De Lucas (Natxo Insa, 55. minutuan).

Golak: 0-1 49. minutuan: De Lucas. 1-1, 54. minutuan: Agirretxe. 2-1, 60. minutuan: Agirretxe.