Reala
EA Sports Liga
Realak bigarren porrota jarraian jaso du Ligan, Sevillaren aurka 3-2 galduta
EITB Media
Txuri-urdinek porrot egin dute Sanchez Pizjuanen jokatutako EA Sports Ligako 27. jardunaldiko partidan. En-Nesyrik bi gol sartu ditu lehen 13 minutuetan, eta Andre Silvak atsedenaldiaren aurretik murriztu du desabantaila. 66. minutuan, Sergio Ramos izan da golegilea, eta Braisek luzapenean sartu du.
-
En-Nesyri (Sevilla) eta Sadiq (Reala),lehian Sanchez Pizjuenko partidan. Argazkia: EFE
Realak galdu egin du Sevillaren kontra, 3-2, Sanchez Pizjuan estadioan jokatutako EA Sports Ligako 27. jardunaldiko partidan. Ondorioz, Donostiako taldeak bigarren porrota jarraian jaso du Ligan. Gainera, Errege Kopatik at geratu zen asteartean. Beraz, aste oso txarra izan da txuri-urdinentzat. Imanol Alguacilek zuzendutako mutilek zazpigarren postuan amaituko dute jardunaldia, 40 punturekin.
Sevillak hobeto ekin dio neurketari, eta bi abagune izan ditu hirugarren eta laugarren minutuetan: En-Nesyriren errematea kanpora joan da, eta Remiro atezainak gola saihestu du Isaac Romerok area barrutik egindako jaurtiketa aldenduta. Realaren erantzuna zortzigarren minutuan heldu da Nyland atezainak gelditutako Zhakaryanen jaurtiketarekin. Hala ere, etxeko taldeak nagusi izaten jarraitu du, nagusitasuna gola sartuta islatu du; Remirok Isaac Romeroren jaurtiketa desbideratu du, baloia solte geratu da area barruan, eta En-Nesyrik ate barruan sartu du baloia (1-0).
Golak min eman dio Realari. Ezinean ibili da Imanol Alguacilek zuzendutako taldea. Hala, bada, partidako estreinako gola sartu eta bi minutura, En-Nesyrik bigarrena egin du Sevillarentzat (2-0), jaurtiketa indartsu eta on batekin Remiro gaindituta.
Oso maldan jarri zaio norgehiagoka Realari. Gainera, talde txuri-urdina ez da gai izan abagune argirik sortzeko. Sevillak kontrolpean izan du lehia, eta bazirudien partida etxekoen aldeko bi goleko errentarekin iritsiko zela atsedenaldira, baina epaileak Donostiako taldearen aldeko penaltia adierazi du luzapenean, Sergio Ramosek eskuarekin jo baitu baloia area barruan. Andre Silvak egin du penalti jaurtiketa, eta desabantaila murriztu du (2-1).
Bigarren zatiaren hasieran, baloiaren jabetza handiagoa izan du Realak, baina asko kosta zaio gol aukera argiak sortzea. Pixkanaka, Sevilla eroso sentitzen hasi da, eta joko aldetik lehen zatian baino parekotasun handiagoa egon den arren, Sevillak errenta handitzea lortu du 66. minutuan: Sergio Ramosek buruz egindako errematearekin sartu du 3-1koa.
Kolpe latza jaso du Realak aurkariaren hirugarren golarekin, baina amaierara arte borrokan jarraitu du. Azken txanpan, abagune pare bat izan ditu, eta luzapenean Brais Mendezek faltaz sartutako golak (3-2) esperantza eman dio.
Dena den, etxeko taldeak ondo kudeatu ditu azken minutuak, eta Reala galtzaile atera da Sanchez Pizjuanetik (3-2).
Fitxa teknikoa:
3 - Sevilla: Nyland; Jesús Navas (Juanlu, 46. min), Bade (Nianzou, 86. min), Sergio Ramos, Kike Salas, Pedrosa; Soumare, Hannibal (Suso, 53. min), Oliver Torres (Manu Bueno, 93. min); Isaac (Veliz, 86. min) eta En-Nesyri.
2 - Reala: Remiro; Aramburu, Zubeldia, Pacheco, Tierney (Galan, 84. min); Turrientes, Zubimendi (De Zarate, 74. min), Olasagasti (Magunazelaia, 84. min), Zakharian (Brais Mendez, 61. min); Sadiq eta Andre Silva (Becker, 74. min).
Golak: 1-0, 11. min: En-Nesyri. 2-0, 13. min: En-Nesyri. 2-1, 49. min: Andre Silva, penaltiz. 3-1, 66. min: Sergio Ramos. 3-2, 92. min: Brais Mendez.
Epailea: Mateo Busquets Ferrer. Txartel horia atera dio Nianzou (87. min) Sevillako jokalariari, baita Pacheco (68. min) eta Zubeldia (97. min) Realeko futbolariei ere.