Itxi

Reala

Errege Kopa

Realak nagusitasunez kanporatu du Celta (1-2), eta Kopako finalerdietarako sailkatu da

EITB MEDIA

Mikel Oyarzabal kapitainak, bigarren minutuan, eta Sheraldo Becker debutariak, 66.ean, Imanolen taldeari sailkatzea eman dioten golak egin dituzte. Realak partida bikaina jokatu du Balaidosen, eta Celta baino askoz gehiago izan da; Galiziako taldeak 92. minutuan sartu du 1-2koa.

5:03

Reala 2023-24 denboraldiko Errege Kopako finalerdietara sailkatu da, asteartean, Celta Abanca Balaidos futbol zelaian 0-2 irabazita, final laurdenetako kanporaketan. Mikel Oyarzabal kapitainak, bigarren minutuan, eta Sheraldo Becker debutariak, 66.ean, Imanolen taldeari sailkatzea eman dioten golak egin dituzte. Realak partida bikaina jokatu du Balaidosen, eta Celta baino askoz gehiago izan da; Galiziako taldeak 92. minutuan sartu du 1-2koa, eta ez du inolako aukerarik izan Realaren garaipena zalantzan jartzeko.

Imanolek Sheraldo Becker jarri du hasierako hamaikakoan, jokalari herbeheretarraren lehenengo partidan; Jon Aramburuk, Beckerren atzean, eskuin hegalean jarraitu du, eta Martin Zubimendi zelai erdira bueltatu da. Testuinguru horretan, Realak denbora oso laburra behar izan du aurreneko kolpea emateko; 2. minutuan, alboko sake baten ondorioz, Mikel Merinok jaso du baloia area barruan, nafarrak erdiratu eta Mikel Oyarzabalek, gertutik, ondo desmarkatuta, sareetara errematatu du buruz.

Golak lasaitasun handia eman dio Realari; Celtak, aldiz, ez du erantzunik eman, ondorengo minutuetan. Imanolen taldeak, atsedenaldira arte, ez du arazorik izan norgehiagoka kontrolatzeko. Zelai erdian, Merino, Brais Mendez eta Zubimendi oso nagusi izan dira, eta, atzealdean, Robin Le Normand eta Igor Zubeldia maila oso onean ibili dira, azkar eta adi. Becker debutaria ondo sartu da eskuineko hegaletik jokaldi batzuetan, halaber.

Merinok izan du 0-2koa, 23. minutuan, ezkerkada on batean, baina Ivan Villar Celtako atezainak erantzun ona eman du. 39. minutuan, Andre Silvak, berriro ere estrategiako jokaldi batean, atetik hurbil, langa gainetik jaurti du. Reala jaun eta jabe zen, eta albiste txar bakarra, lehen zatian, Kieran Tierneyren lesioa izan da; eskoziarrak, 39. minutuan, berdegunea utzi behar izan du, minduta. Oyarzabalek area ertzetik eta buelta erdian egindako ezkerkada polit batek eman dio amaiera lehenengo zatiari; kapitainaren jaurtiketa zutoinetik hurbil atera da kanpora.

Atsedenaldiaren ostean, Arsen Zakharyan zelairatu da, Andre Silvaren ordez, eta Jon Aramburu ezker hegalera pasa da, Tierneyren lekuan, Aritz Elustondo eskuinaldean gelditu dela. Celtak aurrerapausoa eman du. Rafa Benitezen taldea Reala estutzen ahalegindu da, baina, egia esan, ia-ia ez da iritsi Alex Remiroren areara, eta txuri-urdinek ez dute arazo handirik izan partidaren kontrolaz berriro argi jabetzeko.

66. minutuan, kontraeraso ezin hobe batean, Realak bigarren gola sartu du. Mikel Oyarzabalek Braisi eman dio, azken horrek Sheraldo Beckerri, eta Realeko jokalari berriak ezin hobeto jaurti du, urrutitik, Ivan Villar gainditzeko. Eskuin hegalekoa ez zegoen jokoz kanpo, pasea jaso duenean bere zelaian baitzegoen, eta, gerora, bikain ibili da, gola erdiesteko.

Realak, puntu horretan, partida nahi zuen tokian zeukan. Celta oso menderatuta zuen, jokoan erabat nagusi zen, eta, hogei bat minutu gelditzen zirela, sailkatzea oso bideratuta zuen. Etxeko taldean, Iago Aspas eta Jorgen Strand Larsen zelairatu dira, Beckerrek gola sartu baino pixka bat lehenago, baina Remiro oso lasai zebilen, lan oso txikia zuen eta.

Willioti, Celtaren aldetik, eta Oyarzabali eta Zakharyani, Realean, ez zaie asko falta izan beste gol bat egiteko. Luzapenean, 92. minutuan, ezkerretik egindako jokaldi baten ondorioz, Luca de la Torre estatubatuarrak baloia jaso eta, ezkerrez, barrura bidali du. Denbora oso laburra zuen Celtak berdinketaren bila aritzeko, eta Realak ondo baino hobeto jokatu ditu azken minutu horiek; atzealdean sendo, Donostiako taldeak ez dio inolako aukerarik eman aurkariari bigarren gola eskuratzeko.

Finalaurrekoan da Reala, 2020an bezala. Orduan, kanporaketa horretan, Mirandes utzi zuen txapelketatik at, finalerako txartela lortzeko. Oraingoz, zain izango dira ondorengo egunetan Imanolen gizonak ea zein izango den 2024ko aurkaria finalerdian.

Fitxa teknikoa

1 - Celta: Ivan Villar; Kevin Vazquez (Mingueza, 64. min), Starfelt, Carlos Dominguez, Ristic; Miguel Rodriguez (Luca de la Torre, 46.min), Tapia (Fran Beltran, 71. min), Jailson (Iago Aspas, 64. min), Hugo Alvarez; Swedberg (Larsen, 78. min) eta Douvikas.

2 - Reala: Remiro; Aramburu, Zubeldia, Le Normand, Tierney (Aritz, 38. min); Becker (Pacheco, 78. min), Zubimendi, Merino, Brais Mendez (Sadiq, 78. min); Oyarzabal (Magunazelaia, 89. min) eta Andre Silva (Zakharyan, 46. min).

Golak: 0-1, 2. min: Oyarzabal. 0-2, 66. min: Becker. 1-2, 92. min: Luca de la Torre.

Epailea: Soto Grande (Gaztela eta Leon). Celtako Douvikas (45. min), Larsen (91. min) et Ristic (93. min), eta Realeko Merino (64. min) eta Magunazelaia (94. min) zigortu ditu, txartel horia ateraz.

Gertakizunak: Errege Kopako final laurdenetako kanporaketako partida, Abanca Balaidos futbol zelaian. 20.903 zale izan dira bertan.