Itxi

Reala

FITXAKETA

Realak Sheraldo Becker fitxatu du 2026ra arte

A. A. | EITB MEDIA

Herbeheretako erasoko jokalaria (28 urte) Alemaniako Union Berlinen ari zen jokatzen orain arte, eta talde txuri-urdinetik alde egin berri duen Momo Cho frantziarrak utzitako hutsunea beteko du.

6:14

Realak ostegun honetan jakitera eman duenez, Sheraldo Becker herbeheretarra fitxatu du 2026ra arte. Erasoko hegal bietan jokatzera moldatzen da, eta, hartara, Nizara alde egin duen Mohmed Ali-Cho frantziarrak utzitako hutsunea indartzeko asmoz iritsiko da Donostiara.

Herbeheretako aurrelaria Ajaxeko harrobian hazitakoa da, 28 urte ditu (29 beteko ditu datorren otsailaren 9an) eta Alemaniako Union Berlin taldean aritu da azken lau denboraldietan.

Joan zen denboraldian nabarmendu zen batez ere; izan ere, Bundesliga, Alemaniako Kopa eta Europa Liga barne hartuta jokatu zituen 48 partiduetan 12 gol (Bundesliga: 11; Europa Liga: 1) sartu eta goleko 10 pase eman zituen (Bundesliga: 7; Europa Liga: 1; Kopa: 2).

Aurtengo denboraldian, berriz, 18 neurketa jokatu ditu Berlineko taldearekin orain arte (Bundesliga: 11; Txapeldunen Liga: 5; Alemaniako Kopa: 2), eta tarte horretan hiru gol erdietsi ditu (Txapeldunen Liga: 2; Kopa: 1), eta bi goleko pase banatu, biak ere Bundesligan.

Herbehereetako selekzioko azpiko mailetan nazioarteko neurketetan parte hartu bazuen ere, Surinameko selekzioarekin jarduten du gaur egun.