Itxi

Reala

Asteazkenean, 21:00etan

Realak Salzburgo garaitu nahi du, Txapeldunen Ligako multzoan aurrenekoa izateko lehian bere burua indartzeko

EITB MEDIA

Talde txuri-urdina final zortzirenetan izango da. 10 puntu lortuta, D multzoko liderra da, Inter Milanekin berdinduta, eta Reale Arenan hiru puntu gehiago batzea du helburu, Milanen jokatuko duen azken partidara aurretik iritsi ahal izateko.

  • Realeko hainbat jokalari, astearteko entrenamenduan. Argazkia: EFE.

    Realeko hainbat jokalari, astearteko entrenamenduan. Argazkia: EFE.

Realak, asteazkenean, 21:00etan, Reale Arenan, Salzburgo aurkari, 2023-24 denboraldiko Txapeldunen Ligako multzo faseko bosgarren jardunaldian, D multzoko aurreneko postua lortzeko Inter Milanekin duen lehian bere burua sendotuko lukeen garaipen bat nahi du eskuratu. Realak eta Inter Milanek hamarna puntu dituzte, eta final zortzirenetarako sailkatzea bermatuta dute; aurreneko tokia azken partidan jokatuko dute, Milanen, eta Realaren helburua da hiru puntu gehiago batzea etxean, zaleen aurrean, azken neurketa horretara abantailarekin iritsi ahal izateko.

Salzburgok, Realak ez bezala, ez du Txapeldunen Ligan jarraitzeko inolako aukerarik, baina Europa Ligarako sailkatzeko lehian dabil, Benficarekin batera. Austriako taldeak hiru puntu ditu, eta Benficak, aldiz, ez du punturik eskuratu oraingoz; beraz, Salzburgok du, egun, Europako bigarren txapelketa nagusirako txartela ematen duen hirugarren postua, D multzoan.

"Nik oso argi dut asteazkenean irribarretsu irten nahi dudala hemendik, hiru puntu gehiago irabazita. Uste dut taldeak ere argi duela, eta nik hamaikakorik onena jarriko dut, irabazteko, eta ez dut pentsatuko hurrengo partidetan. Denbora izango dugu horietan pentsatzeko", nabarmendu du Imanolek, asteartean, neurketaren aurreko prentsaurrekoan. Realeko entrenatzaileak Carlos Fernandez du bajan, baina Andre Silva aurrelaria berreskuratu du; azken horrek, baina, ez du hasierarik jokatuko, martxotik darama eta lehiatu gabe. Mikel Merinok, ordea, epaileak txartel horia aterako balio, ezingo luke jokatu Milanen, bi aste barru.

Salzburgoko entrenatzaile Gerhard Struberrek hainbat jokalari garrantzitsu ditu lesionatuta, Fernando, Okoh, Solet, Wallner, Terzic, Kjaergaard eta Baidoo kasu. Simic eta Konate kokatuko ditu erasoan, golak sartzen ahalegintzeko, eta Mads Bidstrupek hartuko du bere gain jokoa sortzeko ardura.

Real Sociedad-Salzburgo

Hamaikako posibleak:

Reala: Remiro; Odriozola, Elustondo, Le Normand, Tierney; Zubimendi, Beñat Turrientes, Brais Mendez; Zakharyan, Sadiq eta Barrenetxea.

Salzburgo: Schlager; Dedic, Piatkowski, Pavlovic, Ulmer; Sucic, Bidstrup, Forson, Gloukh; Simic eta Konate.

Epailea: Mykola Balakin (Ukraina).

Partida Reale Arenan jokatuko dute, Donostian, eta 21:00etan hasiko da.