Itxi

Reala

3. jardunaldia

Realak urrezko garaipena lortu du Lisboan, Benficaren aurka (0-1), eta gero eta hurbilago du sailkatzea

EITB MEDIA

Brais Mendezek egin du gola, 63. minutuan, Ander Barrenetxearen jokaldi bikain bat baliatuta. Txapeldunen Ligan hiru jardunaldi jokatuta, Realak zazpi puntu ditu, eta bere multzoko lehen postuan jarraitzen du, Inter Milanekin berdinduta.

  • Braisek sartu du gola, baina Barrenek eman dio pasea, eta azken horrek besarkada jaso du (EFE).

    Braisek sartu du gola, baina Barrenek eman dio pasea, eta azken horrek besarkada jaso du (EFE).

Realak 0-1 irabazi du astearte gauean, Lisboan, Da Luz estadioan, Benficaren aurka, 2023-24 denboraldiko Txapeldunen Ligako multzoko fasearen hirugarren jardunaldian. Brais Mendezek egin du, 63. minutuan, Realari garaipena eman dion gola. Emaitza hori kontuan izanik, talde txuri-urdinak gero eta hurbilago ikusten du final zortzirenetako sailkatzea, Europako txapelketarik handienean; izan ere, Realak D multzoko lehen postuan jarraitzen du, orain zazpi puntu dituela, Inter Milanekin berdinduta, eta Salzburgo eta Benfica lau eta zazpi puntura ditu atzetik, hurrenez hurren.

Merezita irabazi dute Imanolen gizonek, eta erdietsi duten garaipenak balio handia du. Alde batetik, Benficak, astearte honetako aurkariak, kolpe oso latza hartu du, eta ia-ia lehiatik at gelditu da; izan ere, Realak eta Inter Milanek gero eta alde handiagoa dute Benficarekin, eta Portugalgo taldeak ez du punturik ezta aldeko golik ere. Bestalde, emaitzak indartu egiten du Reala, are gehiago; historia egin nahi dute txuri-urdinek, eta gertu dute hirugarren aldiz txapelketarik handienean final zortzirenak jokatzeko aukera. Realak 16 talde onenen artean nahi du izan, eta argi ari da uzten helburua gauzatzeko moduan dagoela.

Brais Mendezek sartu du Portugalgo hiriburuan erabakigarria izan den gola. Jokaldi horretan, beste behin, Realeko zenbait jokalari aritu dira ondo, baina nabarmentzekoa da Ander Barrenetxeak egindakoa; donostiarra ezin hobeto sartu da ezkerretik, eta pase ederra jarri dio Braisi; erdilariak hiru gol daramatza, dagoeneko, aurtengo Txapeldunen Ligan. Gol hori gakoa izan liteke.

Giro bikaina izan da Da Luzen, euripean. Testuinguru horretan, Reala ondo ibili da aurreneko zatian. Talde txuri-urdina ausart irten da, jokoa menderatzeko asmoz, eta Benficak arazoak izan ditu hasierako bost minutuetan baloia bereganatzeko ere. Kubok, zazpigarren minutuan, sarea kanpoaldetik jo duen jaurtiketa bat eginda, lehenengo errematea egin du; jarraian, etxeko taldeak aurrerapausoa eman du, eta indartsuago presionatzen hasi da. Ordu laurdena bete aurretik, Petar Musa kroaziarrak sareetara bidali du baloia, baina golak ez du balio izan; izan ere, Rafa Silvak egin du jokaldia, eskuinaldetik, baina portugaldarra jokoz kanpo zegoen.

Lehen zatiko gol aukerarik onenetakoa Aihenek egin du; 26. minutuan, ezker hegaleko atzelariak, eskuinez, area ertzetik jaurti du, eta baloia oso gutxigatik atera da desbideratuta. Ordu erdian, Oyarzabalek erdiraketa bikaina egin du area barrura, eta Braisen burukada barrura joan da, baina galiziarra jokoz kanpo zegoen. Azken ordu laurdenean, Reala, Benfica baino hobeto kokatuta eta zelaian ziurtasun handiagoa erakutsita, aurkaria asko estutzen ahalegindu da. Turbin atezainak ikusi du nola ez den sartu oso gutxigatik Barrenetxearen eskuinkada bat. Ez da golik izan lehen 45 minutuetan, baina Reala Benfica baino gehiago izan da, eta Portugalgo taldeak ez du ia arriskurik sortu.

Nolanahi ere, lehenengo zatian izandakoa labur geratu da, Realak bigarren zatian zer eman duen aztertuta. Gutxienez 70. minutura arte, Da Luz estadioak luxuzko Reala ikusi du. Gipuzkoako taldeak bikain mugitu du baloia, abiadura izan du, jokalari txuri-urdinek ederto babestu dute elkar, eta, gainera, sendotasuna erakutsi dute. Braisen gola, arestian esan bezala, 63. minutuan iritsi da, eta berdegunean jazotzen ari zenaren ondorioa baino ez da izan. Euskal Herritik heldutako 3.500 zaleek biziki gozatu dute Realaren joko onaz.

Braisek 0-1ekoa egin baino lehen, Zubimendik oso gertu izan du gola. Gerora, 67. minutuan, Kubo oso ondo sartu da arean, eta langara jaurti du. Benficak 68. minutuan errematatu du aurrenekoz Remiroren atera; datu hori oso esanguratsua da, eta ondo baino hobeto islatzen du norgehiagoka nolakoa izan den.

Partidako azken minutuetan, zaleek bultzatuta eta sailkapenak estututa, Benficak aurrera egin du, eta arriskua sortu; Alex Remirok, baina, maila eman du, eta behar zuen segurtasuna eman dio taldeari. Horrenbestez, Reala hiru puntu gehiago dituela bueltatuko da Euskal Herrira; inpresioa da Txapeldunen Ligan zerbait handia, erraldoia, egiteko gauza direla Imanolen futbolariak.

Fitxa teknikoa

0 - Benfica: Trubin; Bah (Chiquinho, 82. min), Antonio Silva, Otamendi, Jurasek (Bernat, 59. min); Joao Neves, Aursnes; Rafa, Joao Mário (Kokçu, 45. min), Neres (Gouveia, 69. min); Musa (Arthur Cabral, 45. min).

1 - Reala: Remiro; Traore (Aritz Elustondo, 70. min), Zubeldia, Le Normand, Muñoz; Merino, Brais Mendez, Zubimendi; Kubo (Carlos Fernandez, 76. min), Barrenetxea (Zakharyan, 77. min) eta Oyarzabal (Cho, 92. min).

Gola: 0-1, 63. min: Brais Mendez.

Epailea: Clement Turpin (Frantzia). Hauei atera die txartel horia: Benficako Bernati, eta Realeko Aritz Elustondori eta Merinori.

Gertakizunak: Txapeldunen Ligako hirugarren jardunaldiko partida, Lisboako Da Luz estadioan. 56.002 zale izan dira, horietatik 3.500 bat Euskal Herritik iritsitakoak.

Inter Milanek 2-1 menderatu du Salzburgo

Multzoko beste partidan, Inter Milanek 2-1 hartu du mendean Salzburgo, San Siron. Alexis Sanchezek, 19. minutuan, aurretik jarri du Italiako taldea, eta Oscar Gluhk, bigarren zatiko 12. minutuan, 1-1koa sartu du. Azkenean, 64.ean, penaltiz, Calhanogluk lortu bigarrena etxekoentzat. Hala, Inter Milanek D multzoko buruan jarraitzen du, Realarekin batera; biek ala biek zazpi puntu dituzte.

Bayern Munichek Istanbulen irabazi du, eta Real Madrilek Bragan

Gainerako partidei dagokienez, nabarmentzekoa da Bayern Munichek 1-3 irabazi duela Istanbulen, Galatasarayren aurka; halaber, Real Madrilek ere beraganatu ditu hiru puntuak Bragan (1-2).

Hona hemen zer emaitza izan diren Realaren multzotik kanpo:

Galatasaray 1 - 3 Bayern Munich

Sevilla 1 - 2 Arsenal

Manchester United 1 - 0 Kopenhage 

Braga 1 - 2 Real Madril

Union Berlin 0 - 1 Napoli

Lens 1 - 1 PSV