Itxi

Reala

Txapeldunen Liga

Realak sasoiko dagoela berretsi nahi du Salzburgoren aurka Txapeldunen Ligan jokatuko duen partidan

Agentziak | EITB Media

Lehenengo jardunaldian Inter Milanen aurka emandako itxura onaren ostean, eta LaLigan lortutako azken emaitzak kontuan izanda, donostiarrak gogoz doaz Austria aldera.

  • Realeko jokalariak, Interren aurkako gola ospatzen

    Realeko jokalariak, Interren aurkako gola ospatzen. Argazkia: Efe.

Realak Salzburgon emaitza ona lortu eta kolpea eman nahi du Europako mahaian, Inter Milanen aurkako partidan debut itxaropentsua egin ostean. Donostiarrak nagusi izan ziren partida hartan, baina ezin izan zuten berdinketatik pasa.

Txuri-urdinek aste biribila egin dute ligan, hiru partida jokatu eta bederatzi puntu lortuta, Getafe. Valentzia eta Athletic taldeen aurka. Gainera, euskal derbian lortutako garaipenak indar berezia eman die gipuzkoarrei.

Horrela, Realak Salzburgoren etxean garaipen bat lortzeko helburuarekin ekingo dio Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldiari. Imanolek ia jokalari guztiak jokatzeko moduan ditu, min hartuta dauden Alvaro Odriozola eta Kieran Tierney kenduta. Odriozolak gainkarga du abduktorean  eta Tierneyk, berriz, lesioa ezkerreko izterrean.

Txanponaren beste aldean, Arsen Zakharyan deialdian sartzea espero da. Errusiarra jokatu gabe egon da astean zehar izandako gaixotasun baten ondorioz.

Hasierako hamaikakoari dagokionez, ez da espero Alguacilek aldaketa askorik egitea, eta litekeena da euskal derbia irabazi zuen taldeak jarraipena izatea. Berritasun nagusia Aihen Muñozena izango da, ezker hegalean jokatuko du Tierneyren lesioaren ondorioz. Gainontzeko postuetan ez da berritasun ugari espero.

Salzbugo, Kubo nola defendatzeagatik kezkatuta

Salzburgori dagokionez, Gerhard Strubert entrenatzailea kezkatuta agertu da Takefusa Kubo Realeko jokalariari nola aurre egin erabakitzeko garaian. Struberten hitzetan, "oso zaila da Kubo erregatean nondik aterako den asmatzea".

Entrenatzailearen hitzetan, astearteko partida "erronka izugarria" da, eta bere taldea jokoaren kontrola izaten saiatuko dela aurreratu du: "Bolantea eskuetan eduki nahi dugu, gidariaren jesarlekuan egon eta erabakigarriak izan".

Salzburgo Austriako Bundesligako liderra da, bederatzi partidetatik zazpi irabazita. Aurreko jardunaldian 4 eta 0 gailendu zaio Lustenau sailkapeneko azken sailkatuari. Talde austriarrak Koita eta Fernandoren bajak dauzka, eta Mads Bidstrup zalantza da.

Ustezko hamaikakoak

Salzburgo: Schlager; Dedic, Solet, Pavlovic, Terzic; Gourna-Douath; Bidstrup, Gloukh, Kjaergaard; Simic, Konate.

Reala: Remiro; Traoré, Zubeldia, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino, Brais; Kubo, Sadiq eta Oyarzabal o Barrenetxea.

Epailea: Bartosz Frankowski (POL).

Estadioa: Red Bull Arena.

Ordua: 18.45 CET (16.45 GMT).