Itxi

Reala

Lesioa

Kieran Tierneyk lesioa du, ezker izterreko iskiosural giharrean, eta aste batzuk emango ditu jokatu ezinik

EITB MEDIA

Realeko atzelaria larunbatean lesionatu zen, Reala-Athletic derbian, Reale Arenan; 26. minutuan utzi behar izan zuen zelaia. Realak zehaztu duenez, fisioterapia bidezko tratamendua jasotzen hasi da.

  • Kieran Tierney, larunbateko derbian, Gorka Guruzetaren aurrean. Argazkia: EFE.

    Kieran Tierney, larunbateko derbian, Gorka Guruzetaren aurrean. Argazkia: EFE.

Kieran Tierney Realeko atzelariak lesioa du "ezker izterreko iskiosural giharrean", Gipuzkoako klubak azken orduetan baieztatu duenez. Tierneyk, ondorioz, aste batzuk emango ditu jokatu ezinik.

Futbolari eskoziarra larunbatean lesionatu zen, Reale Arenan, Reala-Athletic derbian, EA Sports Ligako zortzigarren jardunaldiko partidan (3-0); 26. minutuan, jokaldi batean, eskua altxatu zuen, eta lurrean gelditu zen, minduta. Aihen Muñoz zelairatu zen haren ordez.

Realak adierazi duenez, Tierney "fisioterapia bidezko tratamenduarekin hasi da"; jokalaria lesioaren eta haren eboluzioaren arabera itzuliko da aktibitatera. Talde txuri-urdinak asteartean du hurrengo partida, Salzburgon, Txapeldunen Ligako multzoen faseko bigarren jardunaldian, 18:45ean hasita.