Reala
EA Sports Liga: 7. jardunaldia
Carlos Fernandezen gol bikain batek urrezko hiru puntu eman dizkio Realari Valentzian (0-1)
EITB MEDIA
Talde txuri-urdinaren aurrelariak 32. minutuan sartu du, area barruan jokaldi oso polita eginda, neurketa erabakita utzi duen gola. Valentzia hamar jokalarirekin aritu da, bigarren zati osoan, era Realak emaitzari eutsi ahal izan dio.
-
Carlos Fernandez, partidako jokaldi batean; aurrelariak gol erabakigarria egin du. Argazkia: EFE.
Realak 0-1 irabazi du Mestallan, Valentziaren aurka, asteazken gauean, 2023-24 denboraldiko EA Sports Ligako zazpigarren jardunaldian. Carlos Fernandezek sartu du, 32. minutuan, Imanolen taldeari garaipena eman dion gola; lortutako hiru puntu horiek zenbatuta, Realak 12 puntu ditu, dagoeneko, sailkapenean, eta, behin-behinean, bosgarren postuan jarri da. Txuri-urdinek jokalari bat gehiago izan dutela jokatu dute bigarren zatian, epaileak Amallah Valentziako futbolaria kanporatu egin baitu; Carlos Fernandezek egindako gola ederra izan da, ikusgarria.
Realak, denboraldiko puntu honetan, elkarren segidako neurketa asko ditu, horietako batzuk maila handiko aurkarien kontrakoak: Real Madril, Inter Milan, Getafe, Valentzia, Athletic eta Salzburgo, hamasei egunetan. Hori kontuan izanik, txuri-urdinek Mestallan erdietsitako garaipenak balio oso handia du. Valentziako zelaia beti izaten da zaila, eta, gainera, Imanolek atsedena eman ahal izan die, partidako tarte luze batean behintzat, hasierako hamaikakoan ohikoak diren zenbait futbolariri.
Carlos Fernandezen lana da bereziki nabarmentzekoa. Aurrelariak denboraldiko aurreneko gola egin du, eta, hori gutxi balitz bezala, gol polit horrek garaipena eman dio taldeari. Agian, baloiarekin, ez dugu ikusi Reala beste batzuetan bezain fin; baina Gipuzkoako taldea aurkaria baino gehiago izan da, eta partidan izan duen abantaila baliatzen jakin du. Abantaila markagailuan, eta zelaian ere, Valentzia hamarrekin aritu baita, lehen zatiko azken minutuetatik.
Valentzia-Reala partidako laburpena (0-1)
Carlos Fernandez eta Oyarzabal izan dira Realaren hasierako hamaikakoan, erasoan; Cho zelairatu da ezkerretik, eta Zubeldia, Zubimendi, Brais, Kubo eta Barrenetxea, besteak beste, aulkian izan dira neurketa hasi denean. Jon Pacheco eta Aritz Elustondo jarri ditu Imanolek atzealdean, erdian, Remiroren aurretik. Valentzian, Ruben Barajak Sekim Amallahren aldeko apustua egin du, zelai erdirako.
Pesioa eta erritmo bizia
Reala sendo sartu da partidara, eta ondo erantzun dio Valentziari. Etxeko taldea hasieratik saiatu da erritmo bizia jartzen; zaleek bultzatuta, berdegunean zenbait jokalari gazte zituela, etxeko taldeak presio gogorra egin du, eta Reala estutu du. Gipuzkoako taldea, aurreneko ordu erdian, gutxitan irten da erasora. Alex Remirok, 16. minutuan, geldiketa bikaina egin dio Amallahri, eta 1-0ekoa eragotzi du atzein nafarrak. Valentzia ondo ari zen jokatzen, baina ematen zuen Realak kontrolpean zuela egoera, ez baitzuen zailtasun handirik etxekoen erasoei aurre egiteko.
Orduan, Realak 0-1ekoa sartu du, jokaldi bikain batean. Kieran Tierneyk, trebetasun handiz, azkar atera du falta bat, luzean, ezkerrez, behetik, arearantz; Carlos Fernandez zegoen bertan, atzelariei bizkarra irabazita. Andaluziarra, buelta emanda, ezin hobeto gainditu du Diakhaby, eta ondo jaurti du; Mamardashvilik ez du inolako aukerarik izan Realaren gola galarazteko. Gol bikaina lortu du Carlos Fernandezek, denboraldiko aurrena.
Golak Reala sendotu du; Donostiako taldeak argiago hartu du zelai erdiaren kontrola. Txuri-urdinek, hala, nahi zuten puntuan zeukaten partida, eta, gainera, atsedenaldira iritsi aurretik, Realarentzako beste jokaldi mesedegarri bat ere izan da; hain zuzen ere, bi jokaldi izan dira, biak Amallahrenak. Lehenengoan, Valentziako futbolariak Mikel Merino zapaldu du, eta epaileak txartel horia atera dio; bigarrenean, jokalari berak kolpea eman dio aurpegian Mikel Oyarzabali, eta bigarrenez ikusi du txartela. Lau minututan bi aldiz zigortu du Hernandez Hernandezek Amallah; inpresioa da kanporaketa zuzena izan dela, eta epaileak asmatu egin duela. Horrenbestez, Realak alde zuen markagailuan, bigarren zatia hasi baino lehen, eta gizon bat gehiago zuela zelairatu da atsedenaldiaren ostean.
Burua hotz
Aurkariak baino jokalari bat gehiago zuela, Realak ondo ekin dio bigarren zatiari. Baloia ondo mugituz eta etengabeko lana eginez, talde txuri-urdinak ez du oztopo handirik izan; Valentzia ondo ibili da borrokan, baina Gipuzkoako taldeak ederto izan du barneratuta zer egin behar zuen, ez du akatsik egin, eta ziurtasuna eta fidagarritasuna erakutsi ditu. Burua hotz izan dute Realeko jokalariek.
Egia esan, Realak huts egite bat izan du atzealdean, partidako azken minutuetan: Alex Remirok, partida osoan oso sendo ibili bada ere, ez du asmatu, jokaldi batean, pasea egitean, eta baloia Javi Guerrari geratu zaio. Valentziako jokalariak, baina, kanpora jaurti du. Horrez gain, luzapenean, etxeko taldeak penaltia eskatu du, Alvaro Odriozola protagonista izan duen jokaldi batean; Barajaren gizon batzuen iritziz, donostiarraren eskuan jo du baloiak. Hernandez Hernandez epaileak, hala ere, ez du ezer adierazi, eta VOR aretotik inork ez du zuzendu. Realak, hortaz, lanean jarraitu du, azkenenean eskuratu duen garaipena ziurtatu arte.
Fitxa teknikoa
0 – Valentza: Mamardashvili; Thierry (Mosquera, 46. min), Diakhaby, Cenk, Gaya (Paulista, 55. min); Javi Guerra, Pepelu, Amallah; Fran Perez (Almeida, 55. min), Diego Lopez (Yaremchuk, 74. min) eta Hugo Duro.
1 – Reala: Remiro; Traore (Odriozola, 46. min), Aritz, Pacheco (Zubeldia, 61. min), Tierney (Aihen, 71. min); Cho, Gonzalez de Zarate (Zubimendi, 46. min), Turrientes (Brais Mendez, 61. min), Merino; Carlos Fernandez eta Oyarzabal.
Gola: 0-1, 32 min: Carlos Fernandez.
Epailea: Hernandez Hernandez (Kanarietako Batzordea). Valentziako Javi Guerrari eta Mosquerari atera die txartel horia, bai eta Realeko Gonzalez de Zarate, Pacheco, Traore, Carlos Fernandez, Brais Mendez, Merino eta Zubeldia jokalariei. Amallah kanporatu du, bi txartel hori aterata, eta Valentziako David Rangel ordezkaria ere, zuzeneko txartel gorria erakutsita.
Gertakizunak: EA Sports Ligako zazpigarren jardunaldiko partida. 44.200 zale izan dira Mestallan.