Reala
LAGUNARTEKOA
Realak eta Atleticok hutsean berdindu dute Monterreyn
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Unai Marrero atezaina izan da neurketako protagonista nagusietako bat, bigarren zatian egin dituen geldiketengatik; besteak beste, penaltia gelditu dio Depayri.
-
Hamari Traaore Realeko jokalaria Atleticoko bi aurkari gainditu nahian. Argazkia: EFE
Realak eta Atletico Madrilek golik gabe berdindu dute bart (ostegun goizaldea gurean) Monterreyn (Mexiko) jokatutako lagunarteko partida.
Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak aurkariaren arean presio handia eginez ekin dio neurketari, eta Carlos Fernandezek madrildarren atzealdean sortutako nahasmena aprobetxatu du baloi bat errematatzen saiatzeko, baina Axel Witsel belgikarrak baloia kendu dio eta arriskua uxatu du.
Atleticoren erantzuna Antoine Griezmann frantziarrak Alvaro Moratari bidalitako pase luze batekin etorri da. Aurrelari madrildarra bakarrik geratu da Alex Remiro atezainaren aurrean, eta baloia loratuz saiatu da nafarra gainditzen, baina Remirok baloia desbideratu du.
Talde txuri-urdinak Ander Barrenetxea izan du lehen zatian jokalari nabarmenetakoa, baina Realaren jokoa apaldu egin da, zuri-gorriek zelaiaren erdian bost gizon jarrita.
Aurkariaren defentsako lana gainditzeko zailtasunen aurrean, txuri-urdinek geldikako jokaldi bat baliatu dute arriskua sortzeko. Hala, 38. minutuan, Kubok falta bat atera du ezker hegaletik, baloia Mikel Merinori iritsi zaio eta haren erdiraketa buruz errematatu du Carlos Fernandezek, bakarrik, baina andaluziarraren baloia langa gainetik joan da.
Bigarren zatian, bi taldeek aurpegi berri asko zelairatu dituzte: Imanolek 8 aldaketa egin ditu; Simeone argentinarrak, aldiz, erabat aldatu du hamaikakoa. Memphis Depay herbeheretarra izan da zelaian sartu denetako bat, eta hark sortu dizkio buruhausterik gehien gipuzkoarren atzealdeari bere abiadurari esker.
Gerora, 80. minutuan, epaileak penaltia adierazi du donostiarren arean. Depayk berak hartu du jaurtiketa egiteko ardura, eta Panenka erara egin du, baina Unai Marrerok (bigarren zatian sartu da Remiroren ordez) arazorik gabe harrapatu du.
¿Dónde ibas, Memphis? ¿
— DAZN España (@DAZN_ES) August 3, 2023
Depay quiso hacer un Panenka, pero Unai Marrero no se lo compró y se lo detuvo con toda la calma del mundo ¿ pic.twitter.com/aP52l9PoNB
Marrero izan da berriro protagonista minutu batzuk geroago, Azpeitiko atezainak bikain erantzun baitio Samu Linok buruz egindako erremateari, baloia kornerrera bidalita, eta markagailuko berdinketari eutsi diote horrela. Partida golik gabe bukatu da.