Reala
LEHEN ENTRENAMENDUA
Realak jokalari internazionalik gabe eta ehunka jarraitzaileren aurrean ekin dio denboraldiaurreari
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Txuri-urdinen udako lehen-saioa Reale Arena futbol-zelaian izan da, Zubietako entrenamendu-instalazioetan egiten ari diren eraberritze obrengatik.
-
Realeko jokalariak denboraldiaurreko lehen entrenamenduan. Argazkia: EFE
Realak denboraldiaurreko lehen entrenamendua egin du astelehen honetan, ehunka zaleren aurrean. Txuri-urdinen udako lehen-saioa Reale Arena futbol-zelaian izan da, Zubietako entrenamendu-instalazioetan egiten ari diren eraberritze obrengatik.
Hala, Imanol Alguacilek 26 jokalari izan ditu bere aginduetara estreinako egunean, hau da, dituen guztiak uda honetan euren selekzioekin aritu diren jokalari internazionalak izan ezik (Traoré, Pacheco, Barrenetxea, Zubimendi, Merino, Le Normand eta Take Kubo).
Horrenbestez, Realak uda honetan orain arte egin duen fitxaketa bakarra, Hamari Traoré, ezin izan da bere zaleen aurrean aurkeztu, Maliko selekzioarekin jokatu baitu Afrika Kopari dagokion Kongoren aurkako kanporaketa. Ondorioz, uztailaren erdialdean egingo du bat gainerako taldekideekin, gainerako internazionalekin batera.
David Silvak giharretako lesio bat izan zuen maiatzaren amaieran biki batean, eta lehen jardunaldiko hutsune nagusia izan da. Jokalari kanariarra gimnasioan aritu da lanean, baina badirudi prestaketa-partidetarako sasoian egongo dela.
Realak ahalegin fisiko handiko hamar jardunaldi izango ditu orain (aste honetan egunero izango dituzte entrenamenduak txuri-urdinek, igandean izan ezik), uztailaren 21ean Irunen Osasunaren aurka jokatuko duen udako lehen lagunartekoan lehiatzen hasteko zain.