Itxi

Reala

F LIGA

Iraia Iparragirre Realeko jokalariak futbola utziko du denboraldi amaieran

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Zortzi urtez gorengo mailan jardun ostean, ekainaren 30ean bukatuko zaio Donostiako taldearekin duen kontratua.

  • Iraia Iparragirre (eskuinean), aurtengo denboraldiko neurketa batean.

    Iraia Iparragirre (eskuinean), aurtengo denboraldiko neurketa batean. Argazkia: EFE

Realak astearte honetan jakitera eman duenez, Iraia Iparragirre jokalariak futbola uzteko erabakia hartu du, mailarik gorenean zortzi urtez jardun ostean. Lasarte-Oriako atzelariari ekainaren 30ean amaituko zaio talde txuri-urdinarekin daukan kontratua.

Donostiako taldearekin 108 partidatan aritu ondoren, kapitainak "ilusioz" jokatuko ditu orain elastiko txuri-urdinarekin dituen azken bi neurketak: lehena, maiatzaren 13an, Levante Las Planasen aurka (12:00), etxetik kanpo; azkena, maiatzaren 19an, Real Madrilen kontra, etxean (19:00).

Jokalariak esan du "oso lasai" dagoela eta "belaunaldi berriei lekukoa pasatzeko garaia" iritsi dela.

Realak eskerrak eman dizkio Iparragirreri aipatu zortzi denboraldietan erakutsitako "profesionaltasun eta dedikazioagatik", eta onena opa dio bere etorkizun pertsonalean.