Itxi

Reala

Kontratu berritzea

Mikel Oyarzabalek kontratua berritu du Realarekin 2028ra arte

EITB Media

Jokalaria eta kluba akordiora iritsi dira bi aldeak lotzen dituen kontratua luzatzeko 2028ko ekainaren 30era arte. Eibartarraren etete-klausula 75 milioi eurokoa da.

2:30
Mikel Oyarzabal

Mikel Oyarzabalek kontratua berritu du Realarekin 2028ko ekainaren 30era arte. Hala jakinarazi du klubak ostiral honetan, otsailaren 10ean, ohar baten bidez. Bi aldeek kontratu berria sinatu dute Reale Arenan. Jokalariaren etete-klausula 75 milioi eurokoa da.

Aste honetan zazpi urte bete dira Oyarzabalek Realarekin lehen gola egin zuenetik. Eibartarrak 18 urterekin egin zuen debuta Realeko lehen taldearekin, duela zazpi urte; eta, ordutik, 281 partida jokatu eta 80 gol sartu ditu. Oyarzabalek 25 urte ditu, eta marka guztiak hausteko bidean da.

Oyarzabal Realarekin lotzen zuen aurreko kontratua 2024ko ekainean bukatzen zen; ondorioz, beste bost urtez luzatu du kontratua.

Duela gutxi utzi du atzean belauneko lesio larria. Jada, partida batzuk jokatu ditu talde txuri-urdinarekin eta lesionatu baino lehenagoko maila ematea du helburu talde txuri-urdineko kapitainak.

Kontratu berria sinatu ostean Mikel Oyarzabalek adierazpen hauek egin ditu klubaren telebistan: "Oso pozik nago. Beti da albiste ona norberak nahi duen tokian jarraitzea. Are gehiago, urte zaila pasa ostean. Eskerrak eman nahi dizkiet Realari eta zaleei eskaini didaten babesarengatik. Nire nahia da helburuak betetzen jarraitzea eta Realari hazten laguntzea".

Kapitainak gaineratu du taldeak bolada onari eutsi behar diola: "Bolada ona baliatu behar dugu, baita ahal denera arte luzatu ere. Kluba gauzak ondo egiten ari da. Bertako jokalariek hemen jarraitu nahi dute, eta hemengoak ez direnek ere Realera etorri nahi dute".