Reala
Espainiako Superkopa
Reala, Superkopako txapeldunorde Bartzelonaren aurka finala galdu ostean
A. B. E. | EITB Media
Talde txuri-urdinak porrota jaso du finalean 0-3ko emaitzarekin. Barça nagusi izan da, eta Kataluniako taldeak irabazi du Espainiako Superkopa.
-
Nerea Eizagirre REaleko jokalaria, baloiarekin Barçaren aurkako finalean. Argazkia: EFE
Realak galdu egin du Espainiako Superkopako finala Bartzelonaren aurka (0-3) igande honetan, urtarrilaren 22an, Meridako Romano Jose Fouto estadioan. Ondorioz, Barça da txapelduna.
Lehen abagunea txuri-urdinek izan dute laugarren minutuan, baina Amaiur Sarriegiren errematea kanpora joan da gutxigatik. Bartzelonaren erantzuna 12. minutuan iritsi da; Lete atezainak, ordea, Kataluniako taldearen gola saihestu du. Baina, Ia jarraian, Barçak ez du barkatu, eta Aitana Bonmatik gola sartu du (0-1) Geyseren pasea jaso eta baloia ate barrura sartuta.
Ondoren, Barça izan da baloiaren jabe. Hala ere, bi taldeetako bat ere ez da gai izan gola sartzeko aukerak sortzeko. Kataluniako taldeak baloia alde batetik bestera mugitu du Realak babestutako atera arriskua eraman gabe, eta txuri-urdinak atzean sartuta egon dira, aurkariak ez baitie aukerarik eman erasora jotzeko.
Atsedenaldira iritsi aurretik, 42. minutuan, Barçak bigarren gola sartzeko abagunea izan du, baina Letek erantzun bikaina eman dio Geyseren jaurtiketari. Horrenbestez, talde txuri-urdina gol bateko desabantailarekin joan da aldagelara.
Bigarren zatia ez da ondo hasi Realarentzat, bigarren minutuan gola sartu baitu Bartzelonak; Geysek jokaldi ona egin du hegaletik, pasea eman du area ertzera, eta Aitana Bonmatik 0-2koa jarri du markagailuan, jaurtiketa on batekin Lete gaindituta.
Gainera, hurrengo jokaldian, Barçak hirugarren gola sartzeko aukera argia izan du, baina zutoinak eragotzi du Marionaren gola. Realaren erantzuna 57. minutuan heldu da, langa gainetik kanpora joan den Jensenen jaurtiketaren bidez. Bost minutu beranduago, Letek Barçaren gola saihestu du, Oshoalaren errematea desbideratuta.
Albiste txarrak pilatu egin zaizkio Realari bigarren zatian, 65. minutuan Gabriela Garciak zelaia utzi behar izan baitu, min hartuta. Esku-ohean eraman behar izan dute jokalari txuri-urdina.
Neurketako 72. minutuan desabantaila murrizteko aukera izan du Realak, baina Franssiren jaurtiketa gelditu egin du Paños atezainak. Azken txanpan, Bartzelona izan da jaun eta jabe. Kataluniako taldeak izan du abaguneren bat edo beste abantaila handitzeko, barkatu egin du, eta azken jokaldian biribildu du garaipena Oshoalak sartu duen golarekin (0-3).
Amaieran, Realak porrota jaso du, eta Bartzelonak bereganatu du titulua.
Fitxa teknikoa:
Reala: Lete; Le Guilly, Tejada, Vanegas, Bernabe; Iris Arnaiz, Gaby Garcia (Andreia Jacinto, 67. min), Gemma Gili; Nerea Eizagirre, Amaiur (Mirari, min.67) eta Jensen (Franssi, 58. min).
Bartzelona: Paños; Bronze, Torrejon (Laia Codina, 89. min), Mapi Leon, Rolfö; Aitana, Walsh (Claudia Pina, 67. min), Patri Guijarro; Salma Paralluelo (Crnogorcevic, 60. min), Geyse (Oshoala, 60. min) eta Mariona Caldentey (Vicky Lopez, 89. min).
Golak: 0-1, minuto 13: Aitana Bonmatí. 0-2, minuto 47: Aitana Bonmatí. 0-3, minuto 96: Oshoala.
Árbitra: Marta Frias Acedo. Txrtel horia atera dio Salma Paralluelo Bartzelonako jokalariari, 41. minutuan.