Reala
Txuri-urdinak, geldiezin
Realak bederatzigarren garaipena jarraian bereganatu du Rayo Vallecano mendean hartuta (0-2)
A. B. E. | EITB Media
Txuri-urdinek Madrilgo taldeari irabazi diote 0-2ko emaitzarekin. Sorloth eta Barrenetxea izan dira golegileak. Santander Ligako hirugarren postuan da Donostiako taldea, bigarren den Real Madrlekin berdinduta, eta Barça liderrarekiko hiru puntura.
-
Realeko jokalariak Sorlothek saru duen gola ospatzen. Argazkia: EFE
Realak garaipena bereganatu du Rayo Vallecanoren aurka (0-2) larunbat honetan (urtarrilak 21) Vallecasen (Madrilen) jokatu duen Santander Ligako 18. jardunaldiko partidan, eta bederatzigarren neurketa jarraian irabazi du Liga eta Kopa kontuan hartuta.
Rayo Vallecano - Reala (0-2) partidaren laburpena
Bolada bikain horren ondorioz, txuri-urdinak sailkapeneko hirugarren postuan daude 38 punturekin, bigarren den Real Madrilekin berdinduta, eta Bartzelona liderrarekiko hiru puntura. Hori bai, Real Marilek eta Barçak Donostiako taldeak baino bi norgehiagoka gutxiago jokatu dituzte.
Rayo Vallecanok hobeto ekin dio neurketari, baloiaren jabe izan baita lehen minutuetan; hala ere, Madrilgo taldeak ez du abagune argirik sortu. Realak hamar minutu behar izan ditu partidaren erritmoa hartzeko, eta lehen abagunean ez du barkatu: Silvak baloia lapurtu du zelai erdian, pasea eman dio Sorlothi, eta norvegiarrak gola sartu du (0-1) erremate onarekin Stole Dimitrievski atezaina gaindituta.
Golaren ostean nagusi izan da talde txuri-urdina, eta Rayo ezinean ibili da. Atsedenaldira iritsi aurretik Barrenetxeak 0-2koa jarri du markagailuan; korner batean Aritz Elustondok baloia jo, eta Barrenetxeak ate barrura bidali du.
Bigarren zatiaren hasieran ere erasokor zelairatu da Rayo Vallecano. Atsedenaltik bueltan bi minutu behar izan ditu Rayok estreinako abagunea sartzeko, baina Remiro atezainak saihestu du etxeko taldearen gola, Santi Comensañaren erremateari erantzun bikaina emanda. Ondoren, gola sartzeko beste aukera argi bat izan du Rayok; Alvaro Garciaren errematea, ordea, Illarramendik desbideratu du.
Norgehiagokako 65. minutuan Imanol Alguacil Realeko entrenatzaileak Olasagasti zelairatu du Brais Mendezen ordez, eta harrobiko jokalariak maila ona eskaini du bere debutean.
Azken txanpan, Pablo Marinek izan du Realaren garaipena biribiltzeko aukera, baina Dimitrievski atezainak gelditu egin du jokalari txuri-urdinaren jaurtiketa ona. Rayok ez dio min egin Donostiako taldeari amaierako minutuetan, eta Realak bolada onari eutsi dio.
Fitxa teknikoa:
0 - Rayo Vallecano: Dimitrievski; Balliu (Salvi, 82. min), Lejeune, Catena, Fran Garcia; Pathe Ciss, Unai Lopez (Comesaña, 46. min); Isi (Falcao, 6. min7), Trejo (Nteka, 67. min), Álvaro; eta Camello (Andres Martin, 82. min).
2 - Reala: Remiro; Elustondo, Zubeldia, Le Normand, Rico; Illarra, Brais Mendez (Olasagasti, 65. min), Pablo Marin (Carlos Fernandez, 81. min), Silva (Ander Martin, 65. min); Sorloth (Oyarzabal, 65. min) eta Barrenetxea (Robert Navarro, 69. min).
Golak: 0-1: 14. min, Sorloth; 0-2: 36. min, Barrenetxea.
Epailea: Mateu Lahoz.