Itxi

Reala

Santander Liga

Realak Sevillari irabazi dio (1-2), eta Txapeldunen Ligako postuetan iritsi da Santander Ligako geldialdira

A. B. E. | EITB Media

Talde txuri-urdinak 1 eta 2 irabazi du Sanchez Pizjuanen. Sevillak bi futbolari gutxiagorekin jokatu du 34. minututik, Rakiticek eta Nianzouk txartel gorriak ikusi baitituzte. Sorloth eta Brais izan dira Realaren golegileak, eta Mirrek sartu du Andaluziako taldearen gola.

  • Reala

    Realeko jokalariak Sorlothek Sevillari sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

Realak irabazi egin du Sevillaren aurka (1-2) asteazken honetan (azaroak 9) jokatu duen Santander Ligako 14. jardunaldiko partida. Garaipena bereganatuta, txuri-urdinek 26 puntu dituzte, eta Txapeldunen Ligarako txartela bermatzen duten postuetan iritsi dira La Ligak Munduko Txapelketarengatik izango duen geldialdira.

Sevilla - Reala partidako golak eta laburpena

Zortzigarren minutuan albiste txarra jaso du Donostiako taldeak Carlos Fernandezek berdegunea utzi behar izan duelako min hartuta. Kubo zelairatu da haren ordez. Lehen abagunea Sevillak izan du 14. minutuan, baina kanpora joan da Gudeljek boleaz behartuta egin duen errematea. Realak azkar erantzun du, ia jarraian, Bono atezainak gelditu duen Merinoren jaurtiketa baten bidez. Pixkanaka, talde txuri-urdina gehiago hurbiltzen hasi da aurkariaren ate ingurura, eta 20. minutuan gola sartu du; Sorlothek Bono gainditu du (0-1) atezainaren aurrean baloia lortuta, eta Mikel Merinoren pase bikaina baliatuta.

Gola sartu ostean, nagusi izan da Reala, baina Sevillak lehia berdintzeko aukera izan du 25. minutuan; Remiro atezainak, ordea, Iscoren gola saihestu du Malagako erdilariaren erremateari erantzun paregabea emanda. Bi minutu beranduago, Sevilla jokalari bat gutxiagorekin geratu da Rakiticek txartel gorria ikusi baitu Braisi falta egin ostean.

Gainera, neurketako 34. minutuan, Sevillako beste jokalari bat egotzi du epaileak: Nianzouk txartel gorria ikusi du Braisi egin dion sarrera itsusiarengatik.

Norgehiagoka maldan behera jarri zaio Realari aurkaria bi jokalari gutxiagorekin geratu ostean, eta txuri-urdinentzat ez dira hor bukatu berri onak, Brais Mendezek 0-2koa jarri baitu markagailuan 36. minutuan. Merinok pasea eman dio Silvari, baina Brais gurutzatu da, baloia hartu du, eta bere jaurtiketarekin, Bono gainditu du.

Sevilla ezinean ibili da, eta neurketa oso zail jarri zaio. Hala ere, Sampaolik zuzentzen duen taldeak ez du etsi, eta 44. minutuan desabantaila murriztu du Rafa Mirrek sartu duen golari esker (1-2); Sevilla taldeko aurrelariak Realaren atea zulatu du erremate ikusgarri batekin.

Bigarren zatian, baloiaren jabe izan da Reala. Sevilla atzean sartuta egon da, kontraerasora irteteko aukerari uko egin gabe. Kubok eta Braisek abaguneak izan dituzte 58 eta 59. minutuetan hurrenez hurren; japoniarraren jaurtiketa kanpora joan da, eta galiziarrarena ez da ate barruan sartu zutoina jota. Bi minutu beranduago, Sorlothek atepean huts egin du gola Bonok Silvaren errematea desbideratu ostean.

Barkatu egin du Gipuzkoako taldeak, eta Sevillak berdintzeko aukera izan du 78. minutuan; En-Nesyriren errematea, ordea, kanpora joan da oso gutxigatik. Jarraian izan du Realak neurketa erabakita uzteko aukera, baina Bonok gola saihestu du Pablo Marinek area barrutik egin duen jaurtiketa desbideratuta.

Azken txanpan, erasora jo su Sevillak. Etxeko taldea erdiraketen bidez saiatu da bigarren gola lortzen, baina Reala sendo egon da defentsako lanean, ez dio aurkariari aukerarik eman, eta talde donostiarrak bereganatu ditu hiru puntuak.

Fitxa teknikoa:

1 - Sevilla: Bono; Jesus Navas, Nianzou, Rekik (Kike Salas, 46. min), Telles; Rakitic, Gudelj, Oliver Torres (Delaney, 64. min); Rafa Mir (En-Nesyri, 64. min), Lamela (Januzaj, 89. min) eta Isco (Jordan, 46. min).

2 - Reala: Remiro; Alex Sola (Navarro, 73. min), Le Normand, Pacheco, Diego Rico; Brais Mendez, Merino (Guevara, 46. min), Zubimendi (Zubeldia, 46. min), David Silva (Marin, m.61), Carlos Fernandez (Take Kubo, 10. min) eta Sorloth.

Golak: 0-1, 20. min: Sorloth. 0-2, 36. min: Brais Mendez. 1-2, 44. min: Rafa Mir.

Epailea: Del Cerro Grande. Rakitic (27. min) eta Nianzou (34. min) egotzi ditu txartel gorri bana aterata. Bestalde, txartel horiak atera dizkie Navas (34. min) eta Oliver Torres (40. min) Sevillako jokalariei, baita Merino (31. min) eta Navarro (90. min) Realeko futbolariei.