Reala
Santander Liga
Realak berdindu egin du Valentziaren aurka (1-1), 14. minututik jokalari bat gutxiagorekin lehiatuta
A. B. E. | EITB Media
Txuri-urdinek bana berdindu dute (1-1) talde valentziarraren aurka Reale Arenan. Irabazten hasi da Reala Guillamonek bere atean sartu duen golarekin. 14. minutuan Elustondok txartel gorria ikusi du. Linok jarri du banakoa markagailuan.
-
Epaileak Aritz Elustondori txartel gorria atera dion momentua. Argazkia: EFE
Realak berdindu egin du Valentziaren aurka (1-1) Reale Arenan jokatu duen Santander Ligako 13. jardunaldiko partida. Donostiako taldea irabazten hasi da, jokalari bat gutxiagorekin geratu da berdegunean 14. minutuan Elustondok txartel gorria ikusi duelako, eta Valentziak lehia parekatu du lehen zatiaren erdialdean.
Resumen y goles del Real Sociedad - Valencia
Talde txuri-urdinak bikain ekin dio norgehiagokari, eta 40. segundoan izan du abagune argia, baina Illarramendiren jaurtiketari erantzun ona eman dio Mamardashvili atezainak. Baloiaren jabe izaten jarraitu du Realak eta gola sartu du 10. minutuan; Thierry Valentziako jokalariak irrist egin du baloia ateratzerakoan, Illarramendik pasea eman du area barrura, eta Guillamonek bere atean sartu du baloia (1-0).
Realak gola sartu eta lau minutu beranduago Aritz Elustondok txartel gorria ikusi du Linori falta egin ostean. Hasieran, epaileak txartel horia atera dio, baina jokaldia VARean berrikusi ostean egotzi egin du Donostiako taldeko jokalaria.
Aurkaria baino jokalari bat gutxiagorekin geratu da Reala, Valentziak erasora jo du, eta 24. minutuan berdindu du neurketa: Samuel Linok jarri du banakoa (1-1) markagailuan area kanpotik egin duen jaurtiketarekin Remiro atezaina gaindituta.
Valentziaren gola jaso eta bi minutu beranduago Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak gola sartzeko aukera ona izan du, baina Zubeldiaren jaurtiketa kanpora joan da langaren gainetik. Lehen zatiko azken txanpan bi taldeek izan dituzte abaguneak. Norgehiagokako 34. minutuan Remirok saihestu du Valentziaren gola Marcos Andreren erremateari erantzun ona emanda. Neurketako 38. minutuan Realak alferrik galdu du abagunea; Diego Ricoren erdiraketa Sorlothek errematatu du, eta Comertek atera du atepetik.
Bigarren zatiaren hasieran Donostiako taldeak izan du markagailuan aurretik jartzeko aukera, baina Sorlothen jaurtiketa ez da Valentziaren ate barruan sartu, langa jo ondoren. Azkar erantzun du Valentziak Marcos Andrek zutoinera bidali duen jaurtiketarekin.
Ondoren, talde valentziarrak erasora jo du, txuri-urdinek atzean itxaron dute kontraerasoei uko egin gabe. Realak ondo eutsi die Valentziaren erasoko jokaldiei. Hala ere, Gattusok zuzentzen dituen mutilek abagune bikaina izan dute 78. minutuan; Castillejok, ordea, kanpora bidali du ate aurrean egin duen errematea Hugo Duroren pase ona jaso ostean.
Azken minutuetan sufritzea tokatu zaio Realari. Txuri-urdinek defentsako lan bikaina egin dute, Valentzia ez da gai izan gola sartzeko, ezta aukera argirik sortzeko, eta 1-1eko emaitzarekin amaitu da partida.
Fitxa teknikoa:
1 – Reala: Remiro; Aritz, Zubeldia, Le Normand, Rico; Zubimendi, Merino (Guevara, 81. min), Illarramendi (Gorosabel, 46. min), Brais (Pacheco, m. 46); Carlos Fernández (Magunazelaia, m. 46) y Sorloth.
1 – Valentzia: Mamardashvili; Thierry, Paulista (Cenk, 29. min), Cömert, Gayà; Guillamón (Nico Gonzalez, 61. min), Musah (Foulquier, 74. min), Almeida; Kluivert (Castillejo, 74. min), Marcos Andre (Hugo Duro, 61. min) eta Lino.
Golak: 1-0, 10. min: Guillamon, bere atean. 1-1, 24. min: Lino.
Epailea: Munuera Montero. TXartel gorria atera dio Artiz Elustondori (14. min). Txartel horiak atera dizkie Rico (7. min) eta Zubimendi (90. min) Realeko jokalariei.