Reala
5. GARAIPENA JARRAIAN
Braisen golak garaipena eman dio Realari Vila-realen aurka (1-0)
B.L.G. | EITB MEDIA
Hasieratik partidaren aginte-makila hartu dute Imanolen mutilek. Merinoren pase bikain bat errematatuta lortu du gola Brais Mendezek.
-
Realeko jokalariak garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Realak Vila-reali irabazi dio Reale Arenan jokatu den partidan. Hasieratik agindu dute Imanolen mutilek zelaian eta azken minutuetan sufritzea egokitu zaien arren, Brais Mendezek 32. minutuan sartu duen golak garaipena eman dio talde txuri-urdinari.
Reala-Vila-real partidako laburpena (1-0)
Partida hasieratik baloiaren jabetza izan dute donostiarrek eta Vila-real atzean sartuta ibili da lehen zati osoan. Realak lehen jaurtiketa 8. minutuan egin du, Solaren eskutik, baina ez dio apenas lanik eman Gero Rulli atezainari.
Argentinarrak bere talde ohiaren aurka jokatu du gaurkoan eta 23. minutuan gol bat oparitzekotan egon da. Rullik egindako pase bat erdi-bidean geratu da eta Brais Mendezek berreskuratu du, baina Rullik azkar erreakzionatu eta gelditu egin du Realaren aukera.
Realaren gola 32. minutuan heldu da. Korner baten ostean, Mikel Merinok baloi bikain bat jarri dio Brais Mendezi eta honek, baloia sareetara bidali du. Realak baloiaren jabetza eta partida bera mendean izan ditu lehen zati osoan eta hala heldu dira atsedenaldira.
Aldageletatik bueltan, Unai Emeryk erasoan bi aldaketa egin ditu, Morales eta Jackson zelairatu dira. Partidaren bila joateko eta Morales izan da Vila-realen jokalari arriskutsuena.
50. minutuan Realak ezin izan du Takeren jokaldi on bat sareetara bidali: Silva lehenengo eta Sorloth ondoren, ez baitira baloia errematatzera iritsi. Hiru minutu beranduago, Remiroren pase luze bat jaso du Sorlothek eta bakarrik geratu da Rulliren aurrean baina ezin izan du ondo errematatu.
Vila-realen erantzuna berehalakoa izan da eta Moralesek mutu utzi du Reale Arena, jaurtiketa gurutzatu bat egin eta zutoinaren ondotik joan da kanpora.
Reala defentsan sendo aritu da gaurkoan, akats gutxi eginez eta Vila-reali ezertarako aukerarik eman gabe. Horren adibide da Vila-realen minutu onenak hastear zirela, Moralesi area barruan Aritz Elustondok lapurtu dion baloia. Ezerezean utzi du erasoa beasaindarrak. 80. minutuan zelaia utzi du eta Le Normand zelairatu da, lesioren ostean lehen minutuak jokatzeko.
Azken hamar minutuetan sufritzea egokitu zaio Realari, Emeryren mutilak berdinketaren bila ibili dira gogotsu baina txuri-urdinen lan onak ez die gola egiteko betarik eman. 92. minutuan Remirori lan gehien eman dion jaurtiketa jaso du, Moralesen oinetatik, berriro ere, nafarrak geldiketa ona egin du baloia kornerrera bidaltzeko. Azkenean, Realak garrantzia handia duten hiru puntu lortu ditu. Bostgarren garaipena dute jarraian Imanolen mutilek (hiru ligan eta bi Europa Ligan).
Fitxa teknikoa:
1 – Reala: Remiro; Sola, Aritz (Le Normand, 80. min), Pacheco, Aihen; Zubimendi, Merino, Brais (Turrientes, 80. min), Silva (Carlos Fernández, 73. min); Kubo (Navarro, 87. min) eta Sorloth (Cho, 73. min) .
0 - Vila-real: Rulli; Kiko Femenia (Mandi, 80. min), Albiol, Pau Torres, Pedraza; Capoue, Parejo, Coquelin (Baena, 63. min); Lo Celso (Chukwueze, 80. min), Danjuma (Morales, 46. min) eta Yéremi Pino (Jackson, 46. min).
Gola: 1-0, 32. min: Brais.
Epailea: Soto Grado. Txartel horia erakutsi die etxeko Silva (54. min), Brais (68. min), Aritz (75. min), Sola (82. min) eta Carlos Fernández (91. min) jokalariei; eta kanpoko Lo Celsori (44. min), Albioli (64. min), Pau Torresi (78. min) eta Unai Emery entrenatzaileari (24. min).