Itxi

Reala

MULTZOEN FASEAREN BILA

Reala vs Bayern, Txapeldunen Ligako multzoen fasea jomugan

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Txuri-urdinentzat estreinako partida izango da Europan. Neurketa ETB1en eta etib.eus-en egongo da ikusgai.

1:25
Amaiur Sarriegi eta Nerea Eizagirre

Realak astearte honetan jokatuko du Bayern Munichen aurkako atariko kanporaketako lehenengo partida. Aurrera egiteko gai denak sari potolo izango du zain Txapeldunen Ligako multzoen fasean aritzea, hain zuzen ere.

Donostiarrek aurreko kanporaketa saihestu zuten, joan zen denboraldiko Primera Iberdrola ligan txapeldunorde izan eta gero, eta orain erronka handia dute aurrez aurre, jardute faltagatik gehiago zailtzen dena. Izan ere, ligako txapelketako lehen jardunaldia bertan behera geratu zen, epaileen grebarengatik.

Natalia Arroyoren jokalariak, hala ere, une onean datozela dirudi, Vila-realen aurkako Ligako debutean entrenatzaileak eskatzen zuen "autoestimua" aurkitu eta gero.

Gipuzkoarrek ez dute askoz gehiago jokatu azken hilabetean, Alavesi (4-1) eta Athletici (3-1) irabazi zieten lagunartekoak izan ezik; azken horiek Real Madrilen aurka jokatutako partida ahaztarazi zuten, izan ere, udako prestaketetan 0-3 gailendu ziren madrildarrak.

Alemaniako talde boteretsua izango dute zain, aurreko denboraldian Txapeldunen Ligako zortzi onenen artean sartu zena. Bayernek gizonezkoen sailean duen indarra emakumeenean ere islatu nahi du.

Partida oso berezia izango da orain Realean jokatzen ari den Michaela Specht aleniarrarentzat, iraganenan Municheko taldeko jokalari izandakoa baita. Luxuzko fitxaketa izan da, eta hurrengo bi denboraldietarako txuri-urdinen defentsako erreferentea izango da.

Partida zuzenean izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.

Balizko hamaikakoak:

Real Sociedad: Lete; Le Guilly, Vanegas, Specht, Bernabe; Maddi, Eizagirre, Gemma; Gaby, Sarriegi, Jenssen.

Bayern Munich: Grohs; Kumagai, Viggosdottir, De Souza; Simon, Stanway, Zadra, Gwinn; Buhl, Schuller, Magull.

Epailea: Maria Sole Caputi (Italia).