Itxi

Reala

EUROPA LIGA

Realak garaipen handia lortu du Manchester Uniteden etxean (0-1)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Brais Mendezek bigarren zatian penaltiz sartutak golari esker txuri-urdinek hiru puntuak bereganatu dituzte, eta E multzoko buruan kokatu dira Sheriff taldearekin batera.

  • Brais Mendez, partidako golegilea, penaltia jaurtizeko unean.

    Brais Mendez, partidako golegilea, penaltia jaurtizeko unean. Argazkia: EFE

Realak irabazi egin dio Manchester Unitedi Old Trafforden 0-1, Europa Ligako multzoen faseko lehen jardunaldian, Brais Mendezek 58. minutuan penaltiz lortutako golari esker.

Cristiano Ronaldo etxekoen hasierako hamaikakora itzuli da, baina Le Normand lesionatuaren ordez titular jokatu duen Jon Pacheco atzelari gazteak apenas utzi dio ezer egiten, Aritz Elustondoren laguntzarekin. Hartara, Imanol Alguacilen taldeak lehen zati lasaia bizi izan du.

Sustorik handiena lehen zati horren azken aldera iritsi da, Ronaldok hain ohikoa duen burukada batekin Remiro gainditu duenean, baina aurrelari portugaldarra jokoz kanpo zegoen, eta hala adierazi du marrazainak.

Erik Ten Hag etxeko entrenatzailea ez zegoen batere konforme bere taldea egiten ari zenarekin, eta zenbait jokalari berotze-lanetan jarri ditu lehen 45 minutuak bete orduko, eta, gerora, Bruno Fernandes eta Lisandro zelairatu ditu aldageletatik bueltan.

Unitedek indartsuago ekin dio bigarren zatiari, eta Realak atzera egin behar izan du une batez. Izan ere, besteak beste, Ronaldoren areaz kanpotik egindako jaurtiketa batekin sufritzea egokitu zaio.

Dena den, donostiarrak ez dira kikildu, eta ahal zutenean erasora jotzen zuten. Erasoaldi horietako batean, Kuboren jokaldi eder baten ondoren, txuri-urdinek abagune bikaina izan dute, baina Sadiqen ordez bigarren zatian atera den Sorloth norvegiarrak desbideratuta errematatu du buruz.

Handik gutxira neurketa erabaki duen jokaldia iritsi da. Lisandrok eskuarekin desbideratu du area barruan Silvaren jaurtiketa, eta epaileak penaltia adierazi du. Brais Mendezek, Mikel Oyarzabal espezialistaren faltan, hartu du jaurtitzeko ardura , eta aujrretik jarri du bere taldea.

Azken minutuetan manchester saiatu da berdinketaren gola lortzen, batez ere Ronaldoren eta Casemiroren jaurtiketekin, baina Reala sendo aritu da, eta uste baino amaiera lasaiagoa izan du.

Garaipen honekin Reala E Multzoko liderra da Sheriffekin batera, hiru puntura berdinduta. Hala ere, Moldaviako taldea da lehen postuan dagoena golen aldeagatik, Omonoiaren etxean 0-3 irabazi baitu. Hain zuzen ere, Omonoia izango da donostiarren hurrengo aurkaria, datorren ostegunean, irailaren 15ean, Reale Arenan, 18:45etik aurrera.

Fitxa teknikoa:

0 - Manchester United: De Gea; Dalot (Lisandro, 46. min), Maguire, Lindelof, Malacia (McNeill, 83. min); Eriksen (Bruno Fernandes, 46. min), Casemiro, Fred; Antony (Sancho, 70. min), Ronaldo eta Elanga (Garnacho, 70. min).

1 - Real Sociedad: Remiro; Gorosabel (Sola, 83. min), Aritz, Pacheco, Muñoz; Zubimendi, Merino, Silva (Cho, 64. min), Brais (Turrientes, 83. min); Kubo (Barrenetxea, 77. min) eta Sadiq (Sorloth, min. 46. min).

Golak: 0-1, 58. min: Brais Méndez.

Epailea: Marco di Bello (Italia). Amonestó a Fred, Silva eta Muñoz.