Reala
Eskubide osokoak
Navarro eta Turrientes Realaren lehen taldean arituko dira
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Orain arte, bigarren taldeko jokalariak izan dira, baina, aurten, lehen talderako jauzia eman dute. Klubak espero du proiektuari "gaztetasuna, lana eta ilusioa" ematea.
-
Turrientes eta Navarro dortsal berriekin. Irudia: Real Sociedad
Robert Navarro eta Beñat Turrientes Realaren lehen taldeko jokalariak izango dira. Gauzak horrela, talde txuri-urdinak ia itxita du hurrengo denboraldirako taldea, azken orduko mugimenduren bat gora-behera.
Biek Imanol Alguacilekin egin dute denboraldiaurre osoa, minutu asko jokatu dituzte, eta biek ala biek lan ona egin dute. Hori dela eta, antzeman zitekeen lehen taldeko kide izango zirela.
Klubak, prentsa ohar baten bidez, ofizial egin du harrobiko bi jokalarien igoera, eta "bi urte gazteagoak izan arren", Espainiako 21 urtez azpiko selekzioari egindako ekarpena azpimarratu du eta gaineratu du jokalariak jakitun direla eta prest daudela datozkien erronkei aurre egiteko: Anoetako taldea Europa Ligan arituko da eta Ligan espektatiba altuak ditu.
Klubaren hitzetan, jokalariak proiektuari "gaztetasuna, lana eta ilusioa" emateko igo dira lehen taldera.
Turrientes 12 urterekin iritsi zen Zubietara, denboraldiz denboraldi haziz joan da, eta albistearen ondoren klubaren webgunean egindako lehen adierazpenetan esan duenez, "entrenamenduetan egindako lan guztiaren saria da", eta "dena emango dut Realean jarraitzeko".
Robert Navarro bartzelonarra, berriz, 17 urterekin iritsi zen Donostiara, eta lehen taldeko kide izateagatik "oso pozik" dagoela esan du, izan ere "horra iriste hutsa zaila baita" eta orain "mantendu" egin behar dela gehitu du, nahiz eta gogorarazi duen "azken denboraldietan egindako lanari esker" ari direla emaitzak ikusten.