Itxi

Reala

SANTANDER LIGA (38. JARD.)

Realak galdu egin du Atleticoren aurka, denboraldiko azken neurketan (1-2)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Imanol Alguacilen taldeak ezin izan die zale txuri-urdinei denboraldiko azken garaipena eskaini, Europa Ligara hirugarrenez sailkatu den denboraldi honetan.

  • Sorloth, Atleticoren atearen bila

    Sorloth, Atleticoren atearen bila. Argazkia: EFE

Realak galdu egin du denboraldiko azken partidan Atletico Madrilen aurka (1-2), beste askotan bezala aurkariaren ate aurrean gehiegi barkatu eta gero.

Donostiarrek madrildarrek baino gogotsuago ekin diote lehiari, nahiz eta Atleticoren hirugarren postua zen kolokan zegoena. Alabaina, Simeoneren taldea ez da erasoan agertu lehen zati osoan, eta etxekoak erabat nagusitu dira lehen 45 minutuetan.

Illarramendi kapitainak erdiratu duen geldikako jokaldi batean eman du lehen abisua Realak. Merinok bisitarien atzealdeari aurrea hartu dio jokaldiari jarraipena emateko, baina Le Normandek, atea hutsik zuela, ez du errematea egiten asmatu.

Donostiako taldearen abagune onena lehen zatiko ordu erdian iritsi da, Sorloth norvegiarraren banakako jokaldi bikain baten ondoren. Rafinhari heldu zaio baloia, baina hark zutoinera bidali du, Oblak gaindituta zegoela.

Geroago, Rafinhak beste aukera argi bat izan du: Sorlothek pase neurtu bat eman dio erdilariari, eta hura bakar-bakarrik geratu da Oblaken aurrean; aitzitik, bere jaurtiketa, kanpora joan da, oso gutxigatik izan bada ere.

Simeoneren hamaikakoak hobera egin du bigarren zatian, eta berehala izan du markagailuan aurrea hartzeko lehen aukera, Cunhak langara bidalitako zartako gogor baten bidez. Dena den, ez du gehiegi itxaron behar izan gola erdiesteko; izan ere, bigarren zatia hasi eta bost minutura De Paulek gol ikusgarria erdietsi du, 20 metro baino urrutiagotik egindako jaurtiketarekin.

Atleticok bere momentua itxaron du Realari min egiteko, eta are gehiago egin ahal izan dio Remirok Griezmannen asmoa zein zen igarri izan ez balu, atezain nafarrarekin izan duen buruz burukoan.

Haatik, Correak utzi du lehia erabakita kalitate handiko beste gol batekin, Kokeren pasea baliatuta. Guridik, luzapenean, lortu du Imanolen taldearen gola.

Fitxa teknikoa:

1 - Real Sociedad: Remiro; Gorosabel (Zaldua, 70. min), Aritz, Le Normand, Rico; Zubimendi, Illarramendi (Guridi, 80. min), Merino, Rafinha (Portu, 62. min); Sorloth (Djouahra, 70. min) eta Isak (Januzaj, 62. min)

2 - Atletico: Oblak; Savic, Felipe, Reinildo; Llorente, Carrasco, Kondogbia, Koke, De Paul (Lemar, 85. min); Griezmann (Luis Suárez, 85. min) eta Cunha (Correa, 62. min).

Golak: 0-1, 50. min: De Paul. 0-2, 68. min: Correa. 1-2, 92. min: Guridi.

Epailea: Gil Manzano. Txartel horiak: Le Normand, Rafinha, Merino, Portu (Reala); Griezmann eta Savic (Atletico).