Itxi

Reala

1-0 Valentziaren aurka

Realak garaipenarekin agurtu ditu Mikel Aranburu eta denboraldia

Erredakzioa

Txuri-urdinek 1-0 irabazi diote Valentziari Griezmannen gol batekin. Kapitainari agur hunkigarria eman diote Anoetan bildu diren zaleek. 76. minutuan aldatua izan da Aranburu.

  • Mikel Aranburu zaleei agurra emanez bere azken partidan. Argazkia: EITB

Larunbata agurren eguna izan da Realarentzat. Alde batetik 2011-2012. denboraldia bukatzen zen eta bestalde, Mikel Aranbururen azken partida zen talde txuri-urdinarekin. Bertsoak eta txalo zaparradak izan dira protagonista kapitain handiari azken agurra emateko.

Partida tentsio gutxikoa izan zen eta lehen zatia nahiko kaskarra. Bi talddek ez zuten ezer jokoan eta lehen 45 minutuetan gol aukerak urriak izan ziren. Valentziak askoz hobetu hasi zuen norgehiagoka, baina ez zuen gol aukera argirik sortzen. Reala 15. minututik aurrera esnatu zen. Aukera argiegirik ez zuten sortu txuri-urdinek, baina Vela izan zen gehien saiatu zena area kanpoko jaurtiketen bitartez. Alves atezainak, ordea, jaurtiketei erantzun onak eman zizkion eta golik gabe iritsi zen partida atsedenaldira (0-0).

Bigarren zatian, partidak erritmo handiagoa izan zuen. Bi taldeek erasora jo zuten eta 50. minutuan Pablo Hernandezek zutoinera bidali zuen jaurtiketa. Pixkanaka, Reala ere bere jokoa hobetuz joan zen eta 62. minutuan gola sartzetik gertu egon ziren txuri-urdinak. Zurutuzak pase dotorea eman zion Estradari, hau area barruan sartu zen eta Alves atezainak kornerrera bidali zuen baloia. Lau minutu beranduago, Xabi Prieto izan zen Griezmanni pase bikaina eman ziona eta honek ate aurrean ez zuen kale egin eta 1-0ekoa sartu zuen.

76. minutua ere oso garrantzitsua izan zen Realaren historiarako orduan erretiroa hartu baitzuen Aranburuk. Kapitaina txalo zaparrada hunkigarri baten artean joan zen zelaiatik eta erreleboa eman zion bere ordezkoa izan daitekeen Ruben Pardori.

Azken minutuetan ezer gutxi gertatu eta partida Realaren aldeko 1-0ekoarekin bukatu zen. Garaipen honekin, Realak 47 punturekin bukatu du denboraldia.