Reala
SANTANDER LIGA
Realak Europa Liga jokatuko du, Vila-realen aurkako neurketa irauli eta gero (1-2)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Isaken eta Zubimendiren golek garaipena eman diote Imanolen taldeari, eta txuri-urdinak, horrenbestez, Europa Ligan arituko dira hirugarrenez jarraian.
Realak Europa Ligarako sailkapena bermatu du datorren denboraldiari begira, Vila-realen aurkako partidan markagailua irauli ostean (1-2), Zeramikako futbol-zelaian jokatutako partidan.
Atsedenaldira heltzeko bi minutu falta zirela, Vila-real abantailarekin joan da aldageletara, Francis Coquelinek sartutako golari esker. Alabaina, Realak erreakzionatu egin du bigarren zatian, 56. eta 73. minutuetan erdietsitako Isaken eta Zubimendiren golei esker.
Realak ezin hobeto hasi du neurketa, eta Gero Rulli atezain argentinarraren lan onak bakarrik eragotzi du Donostiako taldeak markagailuan aurrea hartzea, Sorlothen eta Isaken abagune argien bidez, besteak beste.
Aitzitik, minutuak arrera egin ahala, Vila-realek hobera egin du, eta aurkariaren atearen ingurura hurbiltzen hasi da. Hala, lehia atsedenalditik gertu zegoenean, Coquelinek bikain errematatu du Parejoren erdiraketa bat.
Bigarren zatiaren hasiera lehen zatiaren antzekoa izan da, Realak erasora jo du berdinketaren gola lortzeko asmoz, baina azken metroetan asmatzea falta izan zaio berriro ere, hala nola, Ricoren eta Merinoren saiakeretan.
Nahiz eta Chukwuezek aukera bat izan duen kontraeraso batean, Lo Celsoren pase on baten ondoren, Imanol Alguacilen taldea zen behin eta berriro saiatzen ari zena. Halako batean, Isakek partida berdindu du 56. minutuan, Gorosabelek hegaletik egindako pasea gol-marratik zentimetro gutxira errematatuta.
Bi minutu geroago, epaileak penaltia adierazi du Capouek area barruan izandako erorikoan. Ordea, epaileak zuzendu egin du bere erabakia, jokaldia VARean bost minutuz gainbegiratzen egon ostean.
Ekintza horren ondoren, nekea eta hutsak izan dira nagusi bi taldeetan, eta kosta egiten zitzaien baloia atzetik ateratzea. Dena den, bazirudien Reala hobeto zegoela.
Horrela, Realak markagailuari buelta ematea lortu du 73. minutuan, Isaken erdiraketa batean. Hasiera batean, Sorlothek ezin izan du baloia ondo errematatu, baina aldaratzea Zubimendiri iritsi zaio, eta sare barrura bidali du.
Bederatzi minutu baino gehiago iraun duen luzapenean, Realak ondo eutsi die Vila-realen erasoaldiei, eta Europa Ligan aritzeko eskubidea bereganatu du.
Fitxa teknikoa:
1 - Vila-real: Rulli, Foyth, Pau, Albiol (Mario Gaspar, 80. min), Estupiñán (Pedraza, 75. min), Capoue, Parejo, Coquelin (Trigueros, 80. min), Chukwueze (Alcácer, 75. min), Lo Celso eta Dia (Jackson, 65. min).
2 - Real Sociedad: Remiro, Zaldua (Gorosabel, 46. min), Zubeldía, Le Normand, Rico, Ilarramendi (Rafinha Alcantara, 65. min), Zubimendi, Silva, Merino, Sorloth (Januzaj, 81. min) eta Isak (Portu, 86. min).
Golak: 1-0, 43. min: Coquelin. 1-1, 56 . min: Isak. 1-2, 74. min: Zubimendi.
Epailea: González Fuertes. Txartel horiak: Foyth, Albiol eta Lo Celso (Vila-real); Zaldua eta Isak (Alaves)