Reala
Beste 3 denboraldiz
Alex Solak kontratua berritu du Realarekin, 2026ra arte
EITB Media
Donostiako jokalariak hiru denboraldiz luzatu du klubarekin lotzen duen kontratua. 2026ko ekainaren 30era arte jarraituko du Realean.
-
Jokin Aperribay presidentea eta Alex Sola jokalaria. Argazkia: EFE
Alex Solak kontratua berritu du Realarekin 2026ko ekainaren 30era arte, klubak ostegun honetan (maiatzak 12) jakinarazi duenez. Solak beste hiru denboraldiz luzatu du Realarekin lotzen duen kontratua
Eskuin hegaleko defentsa postuan jokatzen duen donostiarrak debuta egin zuen lehen taldearekin 2018-2019 denboraldian, Leganesen. 2019ko udan 2023ra arte berritu zuen kontratua eta Numantzian jokatu zuen utzita hurrengo denboraldian. Soriako taldearekin sasoi hasiera ona egin ostean, denboraldiko azken txanpan eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen. Ondoren, Realera itzuli zen Sanserekin SmartBank Ligan jokatzeko. Denboraldiko lehen partidan, Leganesen aurka, haustura izan zuen eskuin belauneko barrualdeko meniskoan eta hilabeteak eman zituen jokatu ezinda.
Orain, azken lesioa atzean utzi ostean, jokalari garrantzitsua da Xabi Alonso entrenatzailearentzat Reala B taldean. Lehen taldearekin denboraldi-aurrea egiteko aukera asko ditu Solak.