Itxi

Reala

Europa Liga

Realak agur esan dio Europari, Leipzigen aurka 1-3 galduta

A. B. E. | EITB Media

Txuri-urdinek galdu egin dute Alemaniako taldearen kontra Anoetan jokatu duten final-hamaseirenetako itzuliko partida, eta joanekoa berdinduta amaitu zenez (2-2), txapelketatik at geratu da Reala.

  • Mikel Oyarzabal

    Mikel Oyarzabal (Reala) eta Konrad Laimer (Leipzig), partidako jokaldi baten. Argazkia: EFE

Reala Europa Ligatik at geratu da, ostegun honetan Reale Arenan jokatu duen Leipzigen aurkako final-hamaseirenetako itzuliko partida galdu ostean (1-3). Joaneko neurketa bina berdinduta (2-2) amaitu zen; ondorioz, txuri-urdinek agur esan diote txapelketari.

Norgehiagokaren hasieratik egin da Leipzig baloiaren jabe, eta abagueak sortzen hasi da. Matt Ryan atezainak lehen minutuetatik izan du lana, eta aurkariak izan duen estreinako gol aukerari erantzun ona eman dio Klostermanen jaurtiketa desbideratuta. Reala atzean sartuta egon da, kontraerasora irteteko zain, baina Leipzigek erasora jotzen jarraitu du. Ryanek huts egin du, baina australiarrak akatsa konpondu du Kamplen gola saihestuta. Minutu batzuk beranduago, Realeko atezainak beste huts bat egin du baloia area kanpoan eskuekin hartuta; Leipzigek falta atera, eta Orbanek ez du gola sartu, Ryanek egotzi duelako.

Leipzig jaun eta jabe izan da, ez dio uko egin erasora jotzeari, eta 37. minutuan Matt Ryanek penalti argia egin dio Nkunkuri: Andre Silvak egin du jaurtiketa, atezain austaraliarrak desbideratu egin du, baina Orban adi egon da aldaratzea jaso eta baloia ate barrura sartzeko (0-1).

Bigarren zatiaren hasieran gertu izan du bigarren gola Leipzigek; Ryanek, ordea, erantzun bikaina eman dio Laimerren jaurtiketari. Ondoren, 58. minutuan, Andre Silvak bideratuta utzi du Alemaniako taldearen garaipena, area kanpotik egin duen jaurtiketaren bidez gola sartuta (0-2).

Maldan gora jarri zaio neurketa Realari, eta dena galduta zegoela ematen zuenean, 66. minutuan, Zubimendik desabantaila murriztu du (1-2). Hasieran epaileak baliogabetu egin du txuri-urdinen gola, baina VARak ontzat eman du.

Azken txanpan, Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak erasora jo du, berdinketa lortzeko asmoarekin. Gertu izan du gola Realak 86. minutuan, baina Sorlothek erremate kaskarra egin du, baloia ate barrura bidaltzeko dena alde zuenean. Hiru minutu beranduago, epaileak Leipzigen aldeko penaltia adierazi du Elustondok baloia eskuarekin moztu duelako area barruan. Forsbergek 1-3koa jarri du markagailuan, penalti puntutik.

Fitxa teknikoa:

1 - Reala: Ryan; Zaldua, Elustondo, Le Normand (Silva, 61. min), Aihen Muñoz; Zubimendi, Zubeldia, Rafinha (Sorloth, 83. min); Oyarzabal, Isak (Djouahra, 89. min) eta Portu (Januzaj, 61. min).

3 - Leipzig: Gulacsi; Orban, Simakan, Gvardiol; Klostermann, Laimer (Angeliño, 63. min), Kampl (Adams, 79. min), Henrichs (Haidara, 63. min); Nkunku, Dani Olmo (Poulsen, 79. min) eta Andre Silva (Forsberg, 63. min).

Golak: 0-1, 39. min: Orban. 0-2, 58. min: Andre Silva. 1-2, 66. min: Zubimendi. 1-3, 89. min: Forsberg, penaltiz.

Epailea: Anthony Taylor (Ingalaterra). Txartel horiak atera dizkie Andre Silva, Orban eta Kampl Leipzigeko jokalariei.