Reala
Europa Liga
Realak berdindu egin du Leipzigekin (2-2) eta final-zortzirenetarako txartela Anoetan erabakiko da
A. B. E. | EITB Media
Talde txuri-urdinaren eta alemaniarraren arteko Europa Ligako final-hamaseirenetako joaneko partida bina berdinduta amaitu da. Birritan jarri da aurretik markagailuan Reala, baina Leipzig lehia parekatzeko gai izan da.
-
Dani Olmo (Leipzig) eta Rafinha (Reala) baloiarengatik lehian. Argazkia: EFE
Realak berdindu egin du Leipzigen aurka (2-2) ostegun honetan Alemanian jokatu duen Europa Ligako final-hamaseirenetako joaneko partida. Kanporaketa Reale Arenan erabakiko da datorren otsailaren 24an.
Lehiaren hasiera parekatua izan da, baina zortzigarren minutuan Realak gola sartu du neurketan izan duen lehen abagunean; Portuk pase dotorea eman dio orpoz Ricori, honek erdiratu, eta Le Normandek area barrutik egin duen jaurtiketa ate barrura joan da (0-1), aurkari batengan jo ostean.
Txuri-urdinek gola sartu ostean, etxeko taldeak erasora jo du, eta arriskua eraman du Ryanek babestutako ate ingurura, batez ere Angeliñoren eta Dani Olmoren bidez. Pixkanaka, Leipzigek atzean sartu du Donostiako taldea, baina alemaniarrei kosta egin zaie abagune argiak sortzea. Hala ere, 30. minutuan, Nkunkuk banakoa jarri du markagailuan (1-1), Angeliñok ezker hegaletik egin duen erdiraketa errematatuta.
Ondoren, jaun eta jabe izan da Leipzig. Reala atzean sartuta egon da, defentsako lanean sendo mantendu dira Imanol Alguacilek zuzentzen dituen mutilak, eta partida berdinduta iritsi da atsedenaldira.
Erasokor ekin dio bigarren zatiari Leipzegek, eta Realak atzean sartuta jarraitu du, kontraerasora irteteko aukeraren zain. Etxeko taldea baloiaren jabe egin da, baina ez du gola sartzeko aukera argirik sortu. Partidako 60. minutuan Oyarzabalek kornerra atera du, eta Gvardiolek eskuarekin jo du baloia Realeko jokalariek errematea egin aurretik; ondorioz, epaileak penaltia adierazi du, VARa kontsultatu ostean. Mikel Oyarzabalek desegin du berdinketa, penaltiz 1-2koa sartuta.
Etxeko taldeak lehia berdintzeko abagunea izan du 66. minutuan, baina Forsbergen jaurtiketa Ryan atezainak desbideratu du. Sei minutu beranduago, Simakanek boleaz egin duen errematea kanpora joan da. Ekinean jarraitu du etxeko taldeak, eta 79. minutuan Leipzigen aldeko penaltia adierazi du epaileak, Zalduak Szoboszlairi area barruan egin dion faltarengatik. Realeko jokalariak ez dira ados egon erabakiarekin eta protesta egin dute, baina VARak ez du zuzendu epaileak erabakitakoa. Forsbergek egin du penalti jaurtiketa eta binakoa jarri du markagailuan (2-2), Ryan atezaina gaindituta.
Hirugarren golaren bila joan da Leipzig azken txanpan. 88. minutuan gola sartu du etxeko taldeak, baina epaileak baliogabetu egin du Henrichs jokoz kanpo egon delako errematea egin duenean. Alemaniarrek abagune oso argia izan dute 93. minutuan, baina Ryanek gola eragotzi du, Henrichsen erremateari erantzun bikaina emanda. Azkenean, berdinduta amaitu da partida (2-2).
Fitxa teknikoa:
2 - Leipzig: Gulacsi; Klostermann, Simakan, Gvardiol; Adams (Henrichs, 46. min), Lainer (Forsberg, 63. min), Kampl (Haidara, 86. min), Angeliño; Dani Olmo (Poulsen, 80. min); Nkunku (Szoboszlai, 80. min) eta Andre Silva.
2 - Reala: Ryan; Zaldua, Aritz, Le Normand, Diego Rico (Aihen, 61. min); Portu, Zubeldía, Merino, Rafinha (Pacheco, 78. min); Sörloth eta Oyarzabal.
Goles: 0-1 (8. min, Le Normand), 1-1 (30. min, Nkunku), 1-2 (64. min, Oyarzabal, penaltiz), 2-2 (82. min, Forsberg, penaltiz).
Epailea: Cüney Cakir (Turkia).