Itxi

Reala

Anoetan

Realak porrot egin du Levante sendo baten aurrean

Erredakzioa

Txuri-urdinek markagailuan aurrea hartu dute, baina penalti zalantzagarri batek partida aldatu du. Bigarren zatian epaileak Elustondo egotzi du eta horrek neurketa baldintzatu du.

  • Reala-Levante. Argazkia: EFE

    Reala-Levante. Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

Reala: Bravo; Estrada (Diego Ifran, 73. minutua), Martinez, Mikel Gonzalez, De la Bella; Elustondo, Aranburu, Zurutuza (Ruben Pardo, 70. minutua), Xabi Prieto, Vela; Agirretxe (Llorente).

Levante: Munua; Juanfran, Ballesteros, David Navarro, Botelho (Ruben, 69. minutua), Pedro Lopez; Iborra, El Zhar (Torres, 80. minutua), Farinos, Barkero; Kone (Ghezzal, 62. minutua).

Golak: 1-0, 6. minutua: Vela. 1-1, 10. minutua: Barkero penaltiz. 1-2, 44. minutua: Kone. 1-3, 90. minutua: Torres.

Realak 2012ko lehen porrota jaso du gaur Anoetan. Levante sendo eta praktiko batek mendean hartu ditu txuri-urdinak. Valentziako taldeak lau aldiz jaurti du atera, eta hiru gol sartu ditu. Hala ere, garaipena merezimendu osoz lortu du Levantek eta Txapeldunen Ligako postuetan jarraitzen du.

Neurketa erritmoarekin hasi da eta Realak berehala aurrea hartu du markagailuan. Xabi Prietok kontraerasoko jokaldia zuzendu eta Velari pase bikaina eman dio. Aurrelari mexikarrak ez du barkatu eta denboraldiko bere seigarren gola sartu du.

Pozak gutxi iraun du donostiarren etxean, izan ere, El Zharren barnekaldi bat Iñigo Martinezek oztopatu du eta epaileak penaltia adierazi du. Barkerok ez du barkatu eta baloia sareetan kokatu du.

Bi taldeak atsedenaldiaren zain zirenean Konek baloi luze bat aprobetxatu du Levante aurretik jartzeko. Atzelari txuri-urdinak abiadurarekin atzean utzi ditu aurrelari afrikarrak, eta baloia gurutzatu du Bravoren aurrean.

Bigarren zatian egoera gehiago okertu da eta Juan Ignacio Martinezen taldeak ez du barkatu. Elustondo euskarri txuri-urdinari bigarren txartel horia atera dio epaileak eta gipuzkoarren aukera bakarra kemenari eustea izan da.

Horrela, Diego Ifranek berdinketa izan du bere oinetan, baina Munuaren aurrean barkatu egin du. Aukerak ihes egin dio Realari eta partida erabakita utzi duen gola luzapenean jaso du. Levantek kontraerasoan harrapatu ditu txuri-urdinak eta Torresek hirugarrena sartu du.