Reala
16 . JARDUNALDIA
Realak galdu egin du Real Madrilen aurka, bigarren zati txarra egin ondoren (0-2)
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Bisitariak aldageletatik itzuli bezain laster aurreratu dira Viniciusen bitartez, eta, hamar minutu geroago, Jovicek partida erabakita utzi du.
Realak galdu egin du Real Madrilen aurka, larunbat honetan Reale Arenan jokatutako norgehiagokan (0-2). Donostiarrak lehen zati ona jokatu dute, baina bigarrena hasi eta berehala talde zuria aurreratu egin da Viniciusen golarekin (47. min).
Txuri-urdinak saiatu dira erreakzionatzen, baina bisitariek berehala egin dute bigarren gola korner batean (Jovic, 56. min), eta hortik aurrera ezintasuna izan da nagusi gipuzkoarren artean.
Baloia ateratzeko garaian Remirok izan duen egoera nahasi batek lehendabiziko ezinegona sortu die etxeko zaleei neurketa hasi berritan zegoela. Madril serio zelairatu da Viniciusen abiadura bilatu nahian.
Karim Benzemak giharretako arazo bat jasan du ordu laurdena bete denean, eta aldatu egin behar izan dute, haren ordez Jovic zelairatu delarik. Hori ikusita, lasaitua hartu dute Realeko jarraitzaileek, aurrelari frantziarraren hutsunearekin liderra menderatzeko aukera gehiago izango zituztelakoan. Dena den, Rodrygok eta Viniciusek jokoan parte-hartzen zuten bakoitzean arriskua sortzen zuten.
Lehen zatiko ordu erdia beteta zegoela, txuri-urdinek gora egin dute, Oyarzabal protagonista zela, eta ordura arte eroso bizi izan den madrildarren atzealdea urduritzen hasi da.
Aitzitik, egindako ahalegin guztia kareletik behera bota dute txuri-urdinek bigarren zatiaren hastapenean: lehendabizi, Sorlothen akats handi baten ondoren, Rodrygok abagune garbia izan du, baina Remiro gai izan da hura ezerezean uzteko. Hala ere, madrildarren gola segituan iritsi da. Viniciusek banakako jokaldi bikaina egin du, Jovic aurkitu du area barruan, eta aurrelari serbiarrak baloia bueltatu dio brasildarrari, hark baloia sareetara bidal zezan.
Reala Mikel Merino eta David Silva jokalarien falta sumatzen ari zen, baina ahalegindu da kolpeari erantzuten; haatik, lehendabiziko kolpe horren atzetik bigarrena jarraian etorri da, korner batean. Alabak buruz errematatu du lehen erdiraketa, eta, ondoren, Jovicek baloia ate barrura desbideratu du, buruarekin baita ere.
Imanol Alguacilek aldaketak egin ditu konponbideen bila, eta Barrenetxea eta Turrientes zelairatu ditu, baina Real Madrilek ez die aukerarik eman etxekoei markagailua iraultzeko aukera izan zezaten.
Fitxa teknikoa:
0 - Real Sociedad: Remiro; Gorosabel (Zaldua, 68. min), Le Normand, Zubeldia, Rico (Aihen Muñoz, 85. min); Zubimendi, Guevara (Turrientes, 61. min), Oyarzabal; Sorloth (Barrenetxea, 61. min), Isak eta Januzaj (Portu, 68. min).
2 - Real Madril: Courtois; Carvajal, Militao, Alaba, Mendy; Casemiro (Camavinga, 65. min), Kroos (Fede Valverde, 81. min), Modric; Rodrygo (Asensio, 81. min), Vinicius eta Benzema (Jovic, 17. min).
Golak: 0-1, 47. min: Vinicius Jr.. 0-2, 57. min: Jovic.
Epailea: Gil Manzano. Txartel horiak:Zubeldia eta Januzaj.