Reala
PRIMERA IBERDROLA
Federazioak ezarritako zigorra "erabat neurrigabea" dela uste du Realak
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Talde txuri-urdinak, Levantek eta Vila-realek komunikatu bateratua kaleratu dute "jazarpena" jasaten ari direla azpimarratuz.
-
Realeko jokalariak Betisen aurkako partidan. Argazkia: EITBren bideo batetik hartutako irudia.
Realaren, Levanteren eta Vila-realen aburuz, janzteko araudia ez betetzeagatik Espainiako Federazioak (RFEF) ezarritako zigorra "erabat neurrigabea" da. Izan ere, Federazioak hiru puntu kendu dizkie aipatu hiru taldeei, euren elastikoetan Federazioaren txaplata ez izateagatik.
Primera Iberdrolako hiru klubek komunikatu bateratu bat plazaratu dute, eta bertan "harridura handia" adierazi dute Lehiaketako Epaile Bakarrak "aurrez deskribatutako ustezko arau-hausteari dagokionez zehapen erabat neurrigabea aplikatzeko erabakiaren aurrean".
"Hartutako diziplina-erabaki larriek eragina dute kirol-eremuan eta esparru instituzionalean; modu horretan, klubak hertsatu nahi dira", defendatu dira hiru taldeak.
Euren esanetan, "Federazioak oraindik ez du onartu Kirol Kontseilu Gorenaren Zuzendaritza Batzordeak emakumezkoen futbol-liga txapelketari profesionaltasuna aitortu izana joan zen ekainaren 15ean, eta erabaki hori hartu ez balitz bezala jokatzen jarraitzen du, hau da, lehiaketa profesionala ez balitz bezala".
Dena den, hiru klubek azaldu dutenez, jardunaldi honetatik aurrera Federazioaren logoa jantziko dute, "egoera ez okertzeko" eta "jasaten ari diren jazarpena kontuan hartuta".
"Liga profesionaletan aritzen diren taldeak euren elastikoen publizitate-eskubideen jabe dira, eta kamisetetako txaplaten bidez sortzen diren diru-sarreren titular. Aitzitik, Federazioaren asmoa da taldeok beren logoa eta bere babesle nagusiarena nahitaez eta doan erakustea, eta horrek ez du lege-euskarririk", azaldu dute.
Realaren, Vila-realaren eta Levanteren iritziz, "Federazioak ezarri nahi duen zehapenak lehiaketaren osotasunari eragiten dio, eta ez du lege-euskarririk; izan ere, RFEFren araudiak profesionalak ez diren lehiaketetan baino ez du behartzen bere txaplata jartzea". Horren aurrean, "hiru klubek ahaleginak egingo dituzte beren interesak organo judizial eta administratiboetan defendatzeko".
Gainera, gogorarazi dutenaren arabera, "Kirol Kontseilu Gorenak, RFEFren eta liga profesionalen arteko bitartekaritza lanean, dagoeneko esku hartu behar izan du denboraldi honetan zehar Federazioak emakumezkoen futbol profesionalaren ligari buruz emandako zirkularrak aldatzeko. Hori dela eta, hiru taldeek babesa eskatuko diote Kirol Kontseilu Gorenari.