Itxi

Reala

3. jardunaldia

Realak lehen garaipena lortu du Europa Ligan Sturm Graz mendean hartuta

A. B. E. | EITB Media

Isakek partidako 68. minutuan sartu duen golak hiru puntuak eman dizkio talde txuri-urdinari multzoen faseko 3. jardunaldian. Monako da B multzoko liderra, 7 punturekin, PSVri irabazi ostean, eta Reala bigarren da, 5 punturekin.

  • Reala

    Realeko jokalariak Isak zoriontzen Sturm Grazi sartu dion golaren ostean. Argazkia: EFE

Realak garaipena lortu du Sturm Grazen aurka (0-1) Austrian jokatu duen Europa Ligako hirugarren jardunaldiko partidan. B multzoko sailkapeneko liderra Monako da, 7 punturekin, PSV (4 puntu) mendean hartu baitu Eindhovenen, eta talde txuri-urdina bigarren postuan da, 5 punturekin. Azken postuan da Sturm Graz (0 puntu).

Bi taldeek erritmo biziarekin ekin diote norgehiagokari, eta lehen abagunea Realak izan du; txuri-urdinek jokaldi ona egin dute, Isakek baloia jaso du area barruan, pasea atzera eman, eta Silvaren jaurtiketa Sturm Grazeko defentsak moztu du. Lau minutu geroago, bederatzigarrenean, Isak area barruan sartu da, eta Siebenhandl atezainak eragotzi du gola, talde txuri-urdineko aurrelariaren errematea desbideratuta. Ondoren, etenaldiak izan dira nagusi, eta 19. minutuan, Realak lehen aldaketa egin behar izan du Zubimendik min hartu duelako. Imanol Alguacil entrenatzaileak Guevara zelairatu du Donostiako erdilariaren ordez.

Neurketako 28. minutuan, Portuk erremate ona egin du, baina baloia kanpora joan da, Wüthrich jo ostean. Ia jarraian, 32. minutuan, Wüthrichek izan du abagunea; Sturm Grazeko jokalariak, ordea, kanpora bidali du errematea. Lehen zatiko azken txanpan, bi taldeek erasokor jokatu dute, aurkariaren atera gerturatu dira, baina abagune argirik sortu gabe. Hala ere, atsedenaldira iritsi aurretik, Realak izan du gola sartzeko aukera; Isakek pasea eman du area barrura, eta Silvaren errematea kanpora joan da langa gainetik.

Bigarren zatiaren hasieran, gola sartzetik gertu egon da Reala; Januzajek falta atera du, eta Merinoren errematea zutoinera joan da. Norgehiagokako 51. minutuan, txuri-urdinek jokaldi ona lotu dute, eta Aihen Muñozen jaurtiketa Sibenhandl atezainak aldendu du, gola eragotziz. Atsedenaldiaren ostean, Donostiako taldea baloiaren jabe izan da, eta aurkaria atzean sartu du. Sturm Graz ezinean ibili da, baina 65. minutuan falta bat izan du bere alde area ertzean eta Jantscherrek egin duen jaurtiketa Remirok desbideratu du, erantzun ona emanda.

Realaren nagusitasuna ia erabatekoa izan da, baina gol bat behar zuen garaipena bideratzeko. Hala bada, 68. minutuan, Isakek gola sartu du (0-1); aurrelari suediarrak jaurtiketa egin du area barruan, eta, Siebenhandl atezainaren laguntzarekin, baloia ate barrura sartu da.

Sturm Grazek erasora jo du gola jaso ostean, baina ez du abagune argirik sortu. Gainera, Austriako taldea jokalari bat gutxiagorekin geratu da azken txanpan, epaileak Stankovic egotzi baitu 87. minutuan, bigarren txartel horia aterata. Realak bigarren gola sartzeko aukera izan du azken minutuan, baina Turrientesen jaurtiketa kanpora joan da langa jo ostean. Amaieran, talde txuri-urdina irabazle (0-1).

Fitxa teknikoa:

0.- Sturm Graz: Siebenhandl; Gazibegovic (Jager, 73. min), Affengruber, Wuthrich, Dante; Kuen (Ljubic, 66. min), Stankovic, Prass (Hierlander, 38. min), Niangbo (Geyrhofer, 65. min); Jantscher eta Yeboah (Sarkaria, 73. min).

1.- Reala: Remiro; Gorosabel (Zaldua, 62. min), Zubeldia, Le Normand, Muñoz; Zubimendi (Guevara, 18. min), Merino, Silva (Sorloth, 62. min); Januzaj (Turrientes, 75. min), Portu eta Isak (Lobete, 77. min).

Gola: 0-1, 68. min: Isak.

Epailea: Tobias Stieler (Alemania). Stankovic egotzi du 86. minutuan, bigarren txartela aterata. Gorosabel, Zubeldia, Merino eta Guevara jokalariek txartel horia ikusi dute.