Itxi

Reala

Sevillari irabazita (2-0)

Reala jaitsieratik aldendu eta Europara begira jarri da

A.B.

Erredakzioa

Talde andaluziarrak kaskar jokatu du Michlene debutean. Vela eta Pardo izan dira golegileak. Txuri urdinak jaitsieratik eta Europa Leagueko postuetatik lau puntura daude eta Championsetik bostera.

  • Vela-Andujar. Argazkia: EFE

    Realak 2-0 irabazi dio Sevillari Anoetan. Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

2.- Reala: Bravo; Carlos Martinez, Iñigo Martinez, Mikel Gonzalez, Cadamuro; Pardo (Demidov, min. 76), Aranburu, Markel, Carlos Vela (Llorente, min. 89), Xabi Prieto; Agirretxe (Griezmann, min. 73).

0.- Sevilla: Palop; Cala, Fernando Navarro, Fazio, Coke; Trochowski, Campaña (Rakitic, min. 71), Manu del Moral (Kanouté, min. 71), Navas, Reyes (Luna, min. 79); Negredo.

Golak: 1-0, min. 65: Carlos Vela. 2-0, min. 68. Pardo.
Epailea: Iglesias Villanueva.

Realak garaipen garrantzitsua lortu du Anoetan Sevillari 2-0 irabazita. Hiru puntu hauekin talde txuri-urdinak lau puntuz azpitik laga ditu jaitsiera postuak, lau puntura ditu Europa Leagueko postuak eta bost puntura dago Txapeldunen Ligarako sailkapena ematen duen laugarren postua.

Michelek debuta egin zuen Anoetan Sevillako entrenatzaile bezala eta hamaikakoan ezusteko handi bat eman zuen. Javi Varas atezaina aulkian utzi eta Andres Palop sartu zuen hasierako hamaikakoan. Montanierrek, ordea, Pardori eman zion hasierako hamaikakoan egoteko aukera eta aulkian utzi zuen Griezmann.

Lehen zatia oso taktikoa eta gol aukera gutxikoa izan zen. Joko kaskarra eta arriskua sortzeko zailtasunak izan zituzten bi taldeek. Norgehiagokako lehen gol aukera 12. minutuan etorri zen eta Realak sortu zuen. Pardok pase bikaina eman zion Velari eta aurrelari txuri-urdinaren errematea langara joan zen. Sevillaren erantzuna ez zen 32. minutura arte etorri. Negredok buruz langara bidali zuen baloia. Lehen zatia amaitu orduko Realak beste gol aukera on bat izan zuen. Carlos Martinezek hegaletik erdiraketa bikaina jarri zuen, Vela baloia errematatzera iritsi zen, baina Palopek gelditu bikaina eginda txuri-urdinen gola eragotzi zuen. Golik gabe iritsi zen partida atsedenaldira (0-0).

Bigarren zatian erritmoa bizitu egin zen, joan etorri gehiagokoa izan zen. Alde batera eta besterako lehia horretan Realak jo zuen lehenengo. 65. minutuan Carlos Velak baloia area barruan hartu eta erremate on batekin 1-0eko gola sartu zuen. Poza handia ekarri zuen gol honek Anoetara, baina hiru minutu geroago Pardok sartu zuen golak (2-0) zoramena eraman zuen zelaira eta harmailetara. Rincon del Sotoko jokalari gazteak area kanpotik jaurtiketa bortitza atera eta sare barrura bidali zuen baloia.

Sevillarentzat kolpe handiegia izan zen hiru minututan bi gol hartzea eta Michelek zuzendutako taldeak ez zuen erreakzionatzeko gaitasunik erakutsi. Arean baloi loratuak jarriz saiatu ziren aldeak murrizten andaluziarrak, baina Reala ondo ibili zen defentsan eta gehiegi sufritu gabe garaipena lortu zuen.