Itxi

Reala

Mestallan

Valentzia-Reala (0-1): Burua altxatzeko garaipen garrantzitsua

Erredakzioa

Montanierren taldeak hiru puntu garrantzitsu lortu ditu Unai Emeryren Valentziaren aurka. Antoine Griezmannek lortu du 0-1ekoa bigarren zatiko 10. minutuan.

  • Valentzia-Reala (0-1). Argazkia: EFE

    Valentzia-Reala (0-1). Argazkia: EFE

Garaipen bikaina lortu dute Montanierren gizonek Valentziaren aurka (0-1). Errege Kopako porrot mingarria ahazteko hiru puntu garrantzitsu eskuratu ditu Realak Mestallan Griezmannen golari esker. Jokalari frantziarra izan da txuri-urdinen onena eta bigarren zatiko 10. minutuan azken 0-1ekoa jarri du markagailuan.

Aurreneko minutuetan jaun eta jabe izan da Unai Emeryren Valentzia eta etxekoek gola lortzeko aukera argiak izan dituzte. 14. minutuan Pablo Hernandezen urrutiko jaurtiketa Bravok ederki gelditu du eta 15. minutuan Adurizen errematea langara joan da. Valentziak ez ditu aprobetxatu bi aukera bikainak eta apurka indarra galtzen joan da.

Montanierren taldeak erasoan gehiago sakatu du Adurizen aukeraren ostean eta baloiaren jabetza txuri-urdinena izan da. Hala ere, Realak ezin izan ditu abagune argiak sortu Agirretxek ez baitu laguntzarik izan erasoko posizioetan. Atsedenaldia baino lehen Dani Parejok izan du gola lortzeko aukera, baina Valentziako jokalariaren saiakera oso desbideratuta kanpora joan da.

Bigarren zatiko bigarren minutuan Feghoulik Valentziaren aldeko gola lortzeko abagune aparta izan du, baina frantziarraren saiakera gutxigatik kanpora joan da. Realak erantzuna eman du eta neurketako 55. minutuan Griezmannek 0-1ekoa jarri du markagailuan. Maconeko jokalariak bere aldaratzea hartu du eta Diego Alves atezaian gainetik gainditu du baloia sare barrura bidaltzeko.

Gipuzkoako taldeak ondo mantendu lerroak 0-1ekoarekin eta Emeryren mutilek ezin izan dituzte gol aukera garbiak sortu. Txuri-urdinek skaatzen jarraitu dute eta 73. minutuan Antoine Griezmannek bigarren lortzeko abagune ederra izan du. Hala ere, frantziarraren jaurtiketa langa gainetik kanpora joan da. Valentziako taldeak norgehiagokako azkenengo aukera izan du 83. minutuan, baina Claudio Bravo txiletarrak ederki gelditu du Jonasen saiakera. Azkenean hiru puntuak Realak eskuratu ditu Mestalla futbol zelaian.

Fitxa teknikoa:

0 - Valentzia: Diego Alves, Bruno, Rami, Dealbert, Mathieu (Jordi Alba, 54. minutuan), Topal, Banega, Feghouli (Alcacer, 71. minutuan), Parejo (Jonas, 65. minutuan), Pablo eta Aduriz.

1 - Reala: Bravo, Estrada, Mikel Gonzalez, Demidov, Cadamuro, Aranburu (Mariga, 80. minutuan), Elustondo, Xavi Prieto, Zurutuza, Griezmann (Martinez, 90. minutuan) eta Agirretxe (Vela, 69. minutuan).

Gola: 0-1: 56. minutuan: Griezmann.