Itxi

Reala

Iñigo Martínez, expulsado

Racing-Reala (0-0): Golik gabeko berdinketa urtea amaitzeko

Erredakzioa

Txuri-urdinek jokalari bat gutxiagorekin jokatu dute 55. minututik epaileak Iñigo Martinez egotzi baitu. Partida orekatua izan da eta azken emaitza ere merezitakoa.

  • Munitis eta Zurutuza baloiagatik lehian Racing-Reala partidan (0-0). Argazkia: EFE

Realak ezin izan du golik gabeko berdinketatik pasa (0-0) Racingen aurka Sardineron jokatu duen partidan. Berdinketa, ordea, ez da horren txarra izan txuri-urdinek jokalari bat gutxiagorekin jokatu baitute 55. minututik. Epaileak Iñigo Martinez egotzi du.

Racing indartsu zelairatu da eta gol aukera batzuk sortu zituen hasierako minutuetan. Lehenengo Alvaroren jaurtiketa bati erantzun ona eman dio Bravo atezainak eta ondoren, Aranak barnekaldia egin, baloia atzean utzi dio Stuaniri, baina Mikel Gonzalez erne ibili da eta arriskua aldendu du.

Realak ere gol aukera batzuk sortu ditu partida hasieran. Griezmannek zutoinera bidali du jaurtiketa 11. minutuan eta bost minutu beranduago, jokalari frantziarraren burukada bat kanpora joan da. Lehen zatiko gol aukera argiena Racingek izan du 29. minutuan; Adrian area barruan sartu, Bravo atezainaren aurrean bakarrik geratu da eta txiletarrak buruz burukoan baloia hartzea lortu du. Lehen zatia tangana txiki batekin bukatu da eta bertan Iñigo Martinezek eta Stuanik txartel horia bana ikusi dute.

Bigarren zatiaren hasieran Racing izan da baloiaren jabe, baina kantabriarrek ez dute gol aukera argirik sortu. 55. minutuan aldatu da norgehiagoka. Iñigo Martinezek falta egin du eta bigarren txartel horia ikusi ere. Ondarroako jokalaria egotzia izan da eta taldea hamar jokalarirekin geratu da.

Jokalari bat gutxiagorekin egon arren Griezmannek garaipenaren gola gertu izan du. Jokaldi pertsonal baten bitartez hiru aurkari atzean utzi ditu, arean sartu da eta jaurti beharrean beste jokalari bati izkin egin nahi izan dio eta azkenean ezerezean geratu da aukera. Azken minutuetan Racing saiatu da erasora jotzen eta arazo batzuk izan ditu Realak. Hala eta guztiz, txuri-urdinek emaitzari eustea lortu dute eta 0-0eko emaitzarekin eta puntu banaketarekin bukatu da norgehiagoka.

Fitxa teknikoa:

0.- Racing Santander: Toño; Alvaro, Torrejón, Bernardo, Cisma; Arana, Colsa (Tziolis, min 40), Diop, Munitis (Kennedy, min 59); Adrian (Acosta, min 69); eta Stuani.

0.- Reala: Bravo; Carlos, Íñigo Martinez, Mikel, Dani Estrada; Demidov; Vela (Ifran, min 83), Zurutuza, Aramburu (Mariga, min 61), Griezmann; eta Agirretxe (Prieto, min 73).

Epailea: Carlos Velasco Carballo.