Reala
Valentziaren aurka
Realak bi puntu utzi ditu Mestallan (2-2)
L. E. A. | EITB MEDIA
Donostiarrak 0 eta 2 aurreratu dira lehen zatian, baina bigarrenean Javi Graciarenb taldeak neurketa berdintzea lortu du. Azken 20 minutuak jokalari bat gehiagorekin jokatu dute txuri-urdinek.
Ander Guevarak 33. Minutuan eta Isakek 45.ean egindako golek 0 eta 2 jarri dute aurretik Reala atsedenaldirako, Mestallan Valentziaren aurka LaLigako 30. jardunaldian jokatutako partidan.
Guevarak gola egin baino lau minutu lehenago, Javi Graciak zuzentzen duen taldeak penalti bat huts egin du, Gorosabelek baloia area barruan eskuarekin ukitu ostean.
Lehen zatian, aukerak bi areatan izan dira, baina Valentziak ez ditu bereak asmatu, eta txuriurdinek, berriz, bai.
Atsedenaldiaren ostean, talde bakarra izan da zelaian; Reala. Valentziako jokalari garrantzitsuenak lekuz kanpo aritu dira eta donostiarrek kontrolpean izan dituzte jokoa eta markagailua. Baina 61. minutuan gauzak aldatzen hasi dira. Carlos Fernandezek penaltia egin dio Gabriel Paulistari eta Wassek 1 eta 2koa jarri du markagailuan.
Horrela, Valentzia partidan sartu da berriro. Graciak Musha eta Gameiro sartu ditu zelaian eta horrek bizitasuna eman dio etxeko taldeari.
73. minutuan, Gabriel Paulistak binakoa jarri du markagailuan baloia buruarekin errematatuz. Azken minutuak oso biziak izan dira, Valentziak garaipena bilatu du baina asmo hori aldapan gora jarri zaio 79. minututik aurrera epaileak Maxi Gomezi txartel gorria atera dionean. Mestallakoak hamar jokalarirekin jokatu behar izan dute eta Realak ez du hori aprobetxatzen jakin garaipena lortzeko.
Fitxa teknikoa
2 - Valentzia: Jaume Doménech, Thierry, Gabriel Paulista, Diakhaby, Gayà, Wass (Oliva, 90+4. min), Racic (Gameiro, 64. min), Carlos Soler, Cheryshev (Musha, 64. min), Maxi Gómez eta Guedes (Lato, 86. min).
2 - Reala: Remiro, Gorosabel, Elustondo, Le Normand, Monreal, Portu (Januzaj, 67. min), González de Zárate (Sagnan, 46. min), Guevara, Oyarzabal (Bautista, 89. min), Carlos Fernández (Roberto López, 79. min) eta Isak.
Golak: 0-1, 33. min: Guevara. 0-2, 45. min: Isak. 1-2, 61. min: Wass, penaltiz. 2-2, 73. min: Gabriel Paulista.
Epailea: Pizarro Gómez (Madrileko batzordekoa). Valentziako Cheryshev, Gabriel Paulista, Musah, Wass eta Maxi Gómez jokalariei txartelak atera dizkie, baita Realeko González de Zárate, Portu, Carlos Fernández, Monreal eta Isak jokalariei ere. Txartel gorri zuzena atera dio Valentziako Maxi Gomezi (80. min).