Itxi

Reala

1-1

Realak eta Athleticek berdindu egin dute Reale Arenan jokatu den derbian

A. B. | EITB Media

Bana berdinduta (1-1) amaitu da Ligako 29. jardunaldiko euskal derbia. Villalibrek sartu du lehen gola zuri-gorrientzat eta Roberto Lopez izan da txuri-urdinen golegilea.

0
Reala – Athletic

Realak eta Athleticek bana (1-1) berdindu dute Reale Arenan asteazken honetan jokatu duten Santander Ligako 29. jardunaldiko euskal derbia. Talde txuri-urdina garaile izan zen bi talde hauek apirilaren 3an jokatu zuten Errege Kopako finalean; hori dela eta, zuri-gorriek pasilloa egin diote txuri-urdinei norgehiagoka hasi aurretik.

Baloiaren jabe egin da hasieran Athletic, Errege Kopako finalean azaldu zuen jarrera guztiz aldatuta. Zuri-gorrien abagune argiena Williamsek izan du, baina jokaldi ona egin ostean, jaurtiketa kanpora bidali du. Ondoren, Raul Garciak dena alde zuen errematea egiteko, baina ez du asmatu. Atsedenaldira iritsi aurretik, Remiro atezainak gelditu du Williamsen jaurtiketa. Lehen zatiko hamabigarren minutuan Yeray lesionatu egin da, eta Unai Nuñez zelairatu da haren ordez. Realean, aldiz, Aihen Muñozek min hartu du 31. minutuan eta Monrealek ordezkatu du.

Bigarren zatiaren hastapenean ere Athletic izan da nagusi, baina abagune argiegirik sortu gabe. Neurketako 49. minutuan Yurik min hartu eta zelaia utzi behar izan du, eta Marcelino Garcia Toral entrenatzaileak Balenziaga zelairatu du Yuriren ordez.

Imanol Alguacilek aldaketak egin ditu bigarren zatiaren erdialdean, eta orduan hobetu du Realak. Januzaj berdegunera sartu denean hasi da sufritzen Athletic. Belgikarrak egin duen jokaldi on baten ostean gola sartzeko aukera izan du Realak, baina Roberto Lopezek ez du asmatu errematea egiterakoan.

Partidako 84. minutuan, Asier Villalibrek 0-1ekoa sartu du Berenguerren erdiraketa bikain errematatuta. Pozak, ordea, ez dio asko iraun Athletici, Realak norgehiagoka berdindu baitu Roberto Lopezen golari esker (1-1); talde txuri-urdineko jokalariak urrunetik jaurti, Unai Simonek huts galanta egin du baloia pasatzen utzita, eta baloia sare barrura joan da. Ondoren, ez da gehiagorako denborarik egon, eta lehia berdinduta amaitu da.

Fitxa teknikoa:

1.- Reala: Remiro; Elustondo (Gorosabel, 62. min), Zubeldia, Le Normand, Muñoz (Monreal, 31. min); Zubimendi, Guevara, Barrenetxea; Carlos Fernandez (Roberto Lopez, 69. min), Isak (Portu, 69. min), Oyarzabal (Januzaj, 62. min).

1.- Athletic Club: Simon; De Marcos (Capa, 46. min), Iñigo Martinez, Yeray (Unai Nuñez, 12. min), Yuri Berchiche (Balenziaga, 49. min); Muniain (Lekue, 68. min), Vencedor, Dani Garcia, Berenguer; Raul Garcia (Villalibre, 68. min) eta Williams.

Epailea: Sanchez Martinez. Txartel horiak atera dizkie Muñoz, Zubeldia eta Zubimendi Realeko jokalariei, baita Dani Garcia Athleticeko futbolariari.

Golak: 0-1, 84. min: Villalibre. 1-1, 88. min: Roberto Lopez.