Reala
BESTE DERBI BAT
Asteazkenean Reala eta Athletic berriro ere izango dira aurrez aurre, oraingoan ligan
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Imanol Alguacilekin, donostiarrek 5 derbitatik 4 garaipen lortu dituzte zuri-gorrien kontra. Reale Arenan irabazten badute, bosgarren postua berreskuratuko dute.
-
Oyarzabal eta Muniain Kopako finalean. Argazkia: EFE
Realeko entrenatzaileak, Imanol Alguacilek, historia egin du Kopako titulua lortu ondoren eta gainera, donostiarren nagusitasuna berretsi egin du, 5 derbitatik 4 garaipen lortu baititu Realak Orioko entrenatzailearekin.
Alguacilek zuri-gorriak gainditzeko formula aurkitu du eta Marcelino Garcia Toralen menderatzearekin amaitu. Entrenatzaile asturiarra Bilbon dagoenetik, 21 partidatatik 3 soilik galdu ditu Athleticek. Marcelinok beti irabazi izan dio Realari zuzendu dituen taldeekin, honetan izan ezik.
Finala atzeratu izanak sari europarrik gabe utzi zituen bi taldeak, baina Kopa honek Realak bosgarren postua berreskuratzea eragin dezake. Izan ere, finalaren aurreko bi norgehiagokak galdu egin zituen.
Orain Betis eta Vila-realekin dago lehian, baina partida bat gutxiago jokatu du. Asteazkenean Athletic berriro ere menderatuko balu, lasaitasuna emango lioke sailkapenean.