Itxi

Reala

BBVA Liga

Reala-Malaga (3-2): Bigarren miraria jarraian txuri-urdinentzat

A.B.

Erredakzioa

Agirretxek 1-0ekoa sartu du, baina andaluziarrek buelta eman diote emaitzari Rondonen eta 'Seba'ren golekin. Azken bost minutuetan Velaren eta Ifranen golekin garaipena lortu dute gipuzkoarrek.

  • Velak txilenaz sartu du gola Realak Malagari 3-2 irabazi dion partidan. Argazkia: EFE

Realak garaipen garrantzitsua eskuratu du Malagari Anoetan 3-2 irabazita. Azken bost minutuetan sartutako bi golei esker eskuratu dituzte hiru puntuak txuri-urdinek.

Partida oso berdinduta hasi zen. Bi taldeetako bat ere ez zen baloiaren jabe egin eta gol aukerak ere urriak ziren. Norgehiagokako 11. minutuan, ordea, Realak gola sartu zuen. Estradak area barruan jarri zuen erdiraketa eta Agirretxeren burukada langara joan zen; langa jo ondoren Demichelisek sare barrura bidali zuen baloia. Argentinarrak bere atean sartutako golari esker 1-0 irabazten hasi zen etxeko taldea.

Golak Realari indarra eman beharrean Malagari eman zion. Pellegrinik zuzentzen duen taldeak erasora jo zuen berdinketaren bila eta Rondonen burukada bati esker 1-1ekoa jarri zuten. Berdinketa eta gero, gol aukera bana izan zuen talde bakoitzak, baina ez zutenez asmatu neurketa 1-1ekoarekin iritsi zen atsedenaldira.

Bigarren zatiaren hasieran Malaga izan zen nagusi. Reala lokartuta atera zen eta 58. minutuan Sebas Fernandez ‘Seba’k 1-2koa sartu zuen Mikel Gonzalezek defentsan egindako huts batez baliatuz. Zail jarri zen partida Realarentzat eta etxeko taldeak joko aldetik ez zuen ezer asko erakusten.

Partida kontrolpean zuen Malagak eta bazirudien andaluziarrek garaipena eramango zutela. Baina, 85. minutuan Carlos Velak area barruan kontrola egin eta ateari bizkarra ematen ari zela txilenaz berdinketaren gola egin zuen (2-2). Gol hau sartuta gora joan zen Reala garaipenaren bila eta lortu zuten. 90. minutuan Ifran Malagak defentsan egindako akatsaz baliatu zen 3-2koa sartzeko. Gol hau eta gero ez zen gehiagorako denborarik egon eta Realak hiru puntuak eskuratu zituen.

Fitxa teknikoa:

Reala: Bravo; Carlos Martinez, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, Estrada (Llorente, min. 81); Aranburu (Ifran, min. 74), Elustondo, Griezmann, Zurutuza (Pardo, min. 85), Vela; Agirretxe.

Malaga: Willy Caballero; Monreal, Mathijsen, Demichelis, Sergio Sanchez (Camacho, min. 86); Duda, Toulalan, Isco, Cazola (Apoño, min. 64); Rondon (Van Nistelrroy, min. 74) eta Sebas Fernandez.

Epailea: Turienzo Álvarez (Castilla-León).

Golak: 1-0, min. 10: De Michelis (p.p.). 1-1, min. 20: Rondon. 1-2, min. 60: Sebas Fernandez. 2-2, min. 89: Carlos Vela. 3-2, min. 90: Diego Ifran.