Reala
Europa Liga
Realak eta Unitedek Turinen jokatuko dute final-hamaseirenetako joaneko partida
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Juventusen zelaian jokatuko da neurketa otsailaren 18an, covid-19aren eraginez Erresuma Batutik datozen hegaldiak Espainian sartzea debekatuta baitago.
Realak eta Manchester Unitedek Juventusen zelaian jokatuko dute Europa Ligako final-hamaseirenetako joaneko partida (otsailaren 18an), Italiako Gobernuak baimena eman ostean.
Realak astelehenean jakitera eman zuenez, Juventusekin eta UEFArekin akordioa lortu du aipatu norgehiagoka Turingo Allianz Stadiumean joka dadin, Erresuma Batutik datozen hegaldiak Espainian sartzea debekatu baitute, covid-19aren aldaera britainiarraren hedapena galarazteko asmoz.
Talde txuri-urdina norgehiagoka Reale Arenan joka zedin saiatu zen, baina azkenean Turin proposatu zueb, izan ere, Erresuma Batutik datozen hegaldien murrizketak otsailaren 16ra arte egongo dira indarrean eta partida bi egun geroago jokatuko da.
"Debeku hori luza daitekeen ziurgabetasunak neurketa beste agertoki batean jokatzeko erabakia hartzea eragin du", azaldu zuen Realak.
Juventusen zelaia UEFAk bere mugetatik kanpo jokatzera behartuta dauden herrialdeetako taldeen partidak hartzeko proposatu zuenetako bat zen, covid-19aren pandemiaren ondoriozko murrizketengatik.
Italiako Gobernuak astearte honetan eman du baimena Realaren eta Uniteden arteko norgehiagoka Turinen jokatu dadin.