Reala
Koronabirusa
Willian Josek positibo eman du COVID-19an
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bestalde, Mikel Oyarzabal, Adnan Januzaj eta Kevin Rodriguesek gainerako taldekideekin lan egiteari ekin diote.
-
Willian Jose. Argazkia: EFE
AURRERAPENA
Willian Jose Realeko aurrelari brasildarrak positibo eman du COVID-19an, klubak astearte honetan lehen taldeko kideei egindako PCR proben ostean. Ondorioz, jokalaria bere etxean bakartuta dago, eta igandean ez du parte hartuko talde txuri-urdinak Valladoliden aurka jokatuko duen neurketan.
Realak gaur goizean jakinarazi du positibo berri bat atzeman duela jokalarien artean, baina kutsatutakoa nor zen zehaztu gabe. Gerora, Willian Josek berak baieztatu du bera dela positiboa, Instagrameko bere profilean plazaratutako mezu baten bidez.
"Triste nago Liga hasieran taldekideei ezin laguntzeagatik, baina lanean eta nire burua zaintzen jarraituko dut, ahalik eta lasterren itzultzeko", adierazi du jokalariak.
Reala pandemiaren eragina pairatzen ari da denboraldi hasiera honetan, brasildarra denboraldi-aurrean kutsatutako seigarren jokalaria baita.
Beste kutsatua David Silva da. Realeko fitxaketa berriak Donostiara iritsi zen egunean eman zuen positibo eta oraindik isolatuta dago; alabaina, aste honetan zehar Zubietara lehen aldiz joatea espero dute.