Itxi

Reala

Fitxaketak

Realak David Silva fitxatu du bi denboraldirako

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Jokalari kanariarra libre iritsiko da Donostiara Manchester Citytik, Ingalaterrako taldean hamar urte bete eta kontratua amaitu ostean.

  • David Silva Manchester Cityko elastikoarekin.

    David Silva Manchester Cityko elastikoarekin. Artxiboko argazkia: EFE

Realak David Silva kanariarra fitxatu du hurrengo bi denboraldietarako, Donostiako klubak bart gauean ezagutzera eman zuenez. Manchester Cityn hamar urteko ibilbide oparoa egin ostean, Silva atzo bertan agurtu zen bere talde ohiko zaleengandik.

Realaren fitxaketa berriak 21 zenbakia eramango du bizkarrean, hau da, Manchester Cityn jantzi duen bera eta Martin Odegaard norvegiar gazteak joan zen denboraldian erabili ondoren libre utzi behar izan duena.

Jokalaria Arguineguinen (Kanaria Handia) jaio zen 1986an (34 urte), eta libre iritsiko da Donostiara Manchester Cityrekin zuen kontratua amaitu ostean. Ingalaterrako taldean hamar urtez aritu da, 435 partida jokatu, 77 gol sartu eta 138 goleko pase emanda.

Munduko txapelduna eta Europako txapeldun bikoitza izan da Espainiarekin, eta duen futbolaz gain, eskarmentu handia emango dio Realari, eta horrek talde txuri-urdin gaztea indartuko du.

Silva oporretan dago une honetan, baina datozen egunetan Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldearen denboraldi-aurrearekin bat egingo du.

Jokalariak dagoeneko ezagutzen du Gipuzkoa; izan ere, 2004-2005 denboraldian Eibarren jokatu zuen, Valentziak utzita. Valentziako taldeak 14 urterekin fitxatu zuen eta 2010era arte aritu zen bertan. Hori bai, aurretik, 2005-2006 denboraldian, utzita jokatu zuen berriro, orduko hartan Lehen Mailan zegoen Celtan.

2010ean Manchester Cityk fitxatu zuen, eta azken hamar denboraldietan bertan egon da, aurtengo denboraldia amaitu arte.