Itxi

Reala

Epaileei protesta egiteagatik

Bi partidako zigorra Illarramendiri, Real Madrilen aurkako partidaren ostean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Erdilari mutrikuarrak ez zuen madrildarren aurka jokatu min hartuta zegoelako, baina aldageletara jaitsi zen epaileei protesta egitera.

  • Asier Illarramendi

    Asier Illarramendi. FArtxiboko argazkia

Asier Illarramendi Realeko kapitainari bi partidako zigorra ezarri dio astelehen honetan Espainiako Futbol Federazioko Lehiaketa Batzordeak, igandean Real Madrilen aurkako partida bukatutakoan (1-2) epaileak gutxiesteagatik.

Xavier Estrada Fernandez epaile katalanak aktan jaso zuenaren arabera, partida amaitutakoan, aldageletako tunelean, Realeko erdilaria (ez zen deialdian sartu, lesionatuta baitago) epaileei zuzendu zitzaien, honakoa esanez: "Desastre hutsa zarete".

Futbol Federazioak Diziplina Kodearen 117. artikulua baliatu du Illarramendiri zigorra ezartzeko. Artikulu horretan jasotzen denari jarraikiz, bi edo hiru partidako zigorra edota hilabeterainokoa ezar diezaiekete arbitroei mespretxuz edo begirunerik gabe zuzentzen zaienei, betiere ekintza horrek zigor handiagoa merezi ez badu.

Ekainaren 16an, Illarramendik giharretako lesioa egin zuen ezker aldakan, Alavesen aurkako neurketa jokatzeko berotze lanak egiten ari zela. Mutrikuko erdilariak aurtengo denboraldian ez du neurketarik jokatzerik izan, Ligako hirugarren jardunaldian, Athleticen kontrako norgehiagokan, min hartu zuenetik.