Itxi

Reala

2-1

Realak Athleticen aurkako derbia irabazi du Reale Arenan

Agentziak | Erredakzioa

Portuk aurretik jarri ditu txuri-urdinak 64. minutuan, banakoa Iñaki Williamsek sartu du 70.ean eta donostiarren garaipenaren gola Isakek egin du, 82.ean.

  • Willian Jose eta Ibai Gomez, derbiko jokaldi batean

    Willian Jose eta Ibai Gomez, derbiko jokaldi batean. Argazkia: Efe.

Realak Reale Arenan Athleticen aurka jokatutako derbia irabazi du (2-1), partidaren kontrola izan ostean. Alex Isak taldeko izarra bigarren zatian sartu da eta Iñaki Williamsek lortutako berdinketa desegin du.

Lehen zatian, berriz, Portu izan da jokalari onenetariko bat. Merinorekin batera taldearen jokoa bere gain hartu du eta berak izan du aukerarik onena lehen 45 minutuetan. Baina bere jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Unai Simon atezain zuri-gorriak.

Bi taldeek bigarren zatian jarri dituzte uren itxaropenak, orduan zelairatu baitituzte bi entrenatzaileek normalean hasierako hamaikakoan izaten diren zenbait jokalari. Imanolek eta Gaizka Garitanok aste barruan dauzkaten Kopa partidak izan dituzte buruan, eta jokalari onenei atsedena eman nahi izan diete.

Bigarren zatian zelairatu den jokalarietako bat Alex Isak izan da. Realeko jokalariak arrisku handia sortu du, eta lehen minutuetan gola egiteko aukera ere izan du.

Baina aurretik, Portuk lehen gola egin du 64. Minutuan, Reale Arenako zaleen zoramenerako. Gaurkoan, inoiz baino jende gehiago bildu da txuri-urdinen zelaian.

Pozak gutxi iraun dio Realari, Iñaki Williamsek banakoa egin baitu donostiarrek baloi bat zelai erdian galdu ostean. Jokalari bilbotarraren jaurtiketa gurutzatua Alex Remiroren atean sartu da.

Isaken gola eta Muniaini txartel gorria

Eta 12 minutu geroago, Alex Isakek Realaren garaipenaren gola egin du.

Azken minutuetan, Iker Muniainek sarrera oso gogorra egin dio Mikel Oyarzabali eta epaileak txartel gorria atera dio. Ondorioz, ezin izango du hurrengo partida jokatu.

Azkenean, 2 eta 1, eta hiru puntuak Donostian geratu dira.

Fitxa teknikoa

2.- Reala: Remiro; Zaldua, Zubeldia, Le Normand, Muñoz; Guevara (Aritz, 76. min), Sangalli (Januzaj, 58. min), Merino; Portu, Willian José (Alex Isak, 54. min), Oyarzabal.

1.- Athletic: Unai Simón; Capa, Yeray, Nuñez, Balenziaga; Beñat (Dani García, 61. min), San José, Lekue, Kodro (Muniain, 46. min), Ibai; Villalibre (Williams, 54. min).

Golak: 1-0, 64. min: Portu. 1-1, 70. min: Williams. 2-1, 82. min: Isak.