Itxi

Reala

1-2

Realak Vila-realen aurka galduta amaitu du lehen itzulia

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak 1-2ko emaitzarekin galdu du Reale Arenan jokatu duen partida. Irabazten hasi da Reala, baina emaitza irauli du talde bisitariak.

  • Reala eta Vila-real. Argazkia: EFE

    Reala eta Vila-realen arteko partidako irudia. Argazkia: EFE

Realak galdu egin du Vila-realen aurka (1-2) Reale Arenan jokatu duen Santander Ligako 19. jardunaldiko partida, eta 31 punturekin itxi du lehen itzulia.

Bizi hasi da neurketa Reale Arenan. Bi taldeek erasokor ekin diote partidari, eta abaguneak izan dituzte 10. minututik aurrera. Vila-realek eman du lehen abisua, baina Monreal gurutzatu da area barruan, Chukwuezeren errematea eragotziz. Realaren erantzuna hiru minutu beranduago etorri da, baina Asenjo atezainak gelditu egin du Porturen jaurtiketa. Pixkanaka, baloiaren jabe egitea lortu du talde txuri-urdinak eta gola sartzea lortu du 23. minutuan; Portuk jokaldi bikaina egin, pasea eman du area barruan, eta Willian Josek 1-0ekoa egin du.

Gola sartu ostean, Realak kontrolpean izan du norgehiagoka. Talde txuri-urdinak ez dio utzi Vila-reali kontraerasora ateratzen, eta atsedenaldira iritsi baino lehen beste abagune bat izan du, baina Odegaardek gora bidali du jaurtiketa, jokaldi ona egin ostean.

Bigarren zatia oso gaizki hasi da Realarentzat, Zubeldiak penaltia egin baitio Chukwuezeri 54. minutuan, eta epaileak adierazi egin baitu. Penalti jaurtiketa Triguerosek egin du, eta banakoa (1-1) sartu du.

Vila-realek sartutako golaren ostean, partida irekia izan da. Realak abagune ona izan du 65. minutuan, baina Merinoren jaurtiketa langara joan da. Zazpi minutu beranduago, 72. minutuan, Cazorlak 1-2koa egin du, hasieran epaileak baliogabetu egin du asturiarra jokoz kanpo zegoelakoan, baina VARak ontzat eman du gola.

Bigarren gola jaso ostean, talde txuri-urdinak berdinketaren bila jo du, baina jokoa baino gogo gehiagorekin. Reala ez da gai izan abagune argiak sortzeko, eta Vila-real sendo mantendu da defentsako lanean. Azken minutura arte ekinean jarraitu dute txuri-urdinek, baina Vila-realek ondo eutsi dio emaitzari, eta garaipena lortu du (1-2).

Fitxa teknikoa:

1.-Reala: Remiro; Zaldua, Zubeldia ( Le Normand, 61. min) , Llorente, Monreal; Guevara (Januzaj, 75. min), Merino, Odegaard; Portu, Willian Jose (Isak, 70. min), Oyarzabal.

2.- Vila-real: Asenjo; Mario Gaspar, Albiol, Pau Torres, Quintilla (Alberto Moreno, 60. mio); Anguissa, Manu Trigueros, Iborra, Moi Gómez (Cazorla, 60. min); Chukwueze (Peña, 81. min), Gerard Moreno.

Golak: 1-0, 21. min: Willian Jose. 1-1, 57. min: Trigueros, penaltiz. 1-2, 72. min: Cazorla.

Epailea: Sanchez Martinez. Txartel horiak atera dizkie Zubeldia, Zaldua, Guevara ea Portu Realeko jokalariei, baita Pau, Alberto Moreno eta Albiol Vila-realeko futbolariei.